Udaleko iturrien arabera, herri barruko 40 lokal inguruk komertzio jarduerari utzi diote azken urteotan eta horrek ematen duen irudia, zoritxarrez, ez da onena. Herri barruko eguneroko jarduera piztea eta erdiko kaleei bizitasuna ematea dira helburuak eta uda parteko turismo denboraldiari begira, herriko artistei lokal horietan aktuatzeko aukera eman nahi zaie.
Lokalen jabeek harrera ona
Turismo eta Ondare batzordeko kide den Justina Elexpuru zinegotziak adierazi digunez, hutsik dauden lokalen jabeek ondo hartu dute Udalaren proposamena. Dagoeneko 25 bat lokalen jabeengandik baiezkoa jaso dute.
Esandako moduan, herriko artistek (pintoreek, argazkizaleek eta bestelakoek) izango lukete lokalak apaintzeko aukera. Beti ere, erakusleihoetara egokitutako lanak izango lirateke. Bedelkarreko kideek pozik jaso dute erronka. Beti ere, erakusleiho bakoitzean, artistaren informazioaz gain, lokalaren ezaugarrien berri emango lukete errotulu baten.
Lehen aipatu bezala, udako turismo denboraldira begira jarri nahi dute plangintza abian. Bearteko kideekin eta Bedelkarreko ordezkariekin hartu-emanetan dabil Udala eta degunotan zehaztuko dituzte kontu gehiago.
Komertzioaren beherakada
Bergarako Udala zein herriko merkatariak arduratuta daude krisiaren ondorioekin eta azkenaldian herriko komertzioak izan duen beherakadarekin. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Bedelkar herriko dendarien elkartearekin batera, merkataritza indartzeko neurriak aplikatu nahi dituzte. Azken hilabateotan kertalde aholkularitza taldearekin elkarlanean ari dira Udala eta Bedelkar komertzioa suspertzeko asmoarekin.