Atzo aurkeztu zuten I. Bizikleta Astea, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Jesus Elortza alkatearekin eta Lauri Askargorta Kirol zinegotziarekin batera antolatzaileen ordezkariek eman zuten antolatutako ekintzen berri.
Elortza alkateak komunikabideen aurrean azpimarratu zuenez, herritik sortutako ekimena izan da Bizikleta Astea: "Basque Adventureko Iker Osa etorri zen guregana, eta, ondoren, herriko hainbat elkartek heldu diote antolaketari, eta Gorlako Igoeraren inguruan beste hainbat ekitaldi sortu dira".
Bizikletaren alternatiba
Bizikletaren erabilera bultzatzea da jardunaldien helburu nagusia. Elortzaren ustez, Bergara herri aproposa da bizikletan ibiltzeko; "Ez dago aldapa handirik, nahiko laua da eta, osasunarendako ona izateaz gain, bide batez, zirkulazio arazori aurre egiteko modu ona da bizikleta erabiltzea", esan zuen alkateak.
Antolatuko ekintzak adin guztiendako herritarrei zuzendutakoak direla zehaztu zuen Lauri Askargorta Kirol zinegotziak. Era berean, bizikletaren aldeko apustua egingo dutela esan zuen Askargortak; "Oraindik ere bidegorri sarearen zati batzuk egokitzeko geratzen dira, baina nahiko genuke bizikleta erabiltzera ohitzea jendea".
Gaur egun hainbat lekutan daude bizikletak aparkatzeko guneak: Agorrosinen, Irala kalean, anbulatorioan, San Martin plazan, Ibargarai autobus geltokian edo Labegaraietan. Edozelan ere, nahi baino gutxiago erabiltzen ditu jendeak oraindik. Hutsik egoten dira gehienetan.
Programa zabala
Gorlako 38. igoera martxoaren 25ean jokatuko da, eta, Mikel Larrañaga Lokatzako presidenteak aurreratu zuenez, 23 urtetik azpiko 120 bat txirrindulari izango dira lehian. Azken urteotako ibilbideari eutsi diote, eta Gorlatik bi aldiz igaroko dira txirrindulariak. 90 kilometro izango dituzte aurrean.
Bizikletarekin lotutako jardunaldien barruan, martxoaren 20tik 23ra, bizikletan egindako bidaien gaineko hitzaldi-proiekzioak izango dira Irizarren, 19:00etan: Edu Moreno eta Iker Osa bergararrena izango da lehenbiziko emanaldia hilaren 20an: Serbia eta Montenegro 2008.
Bestalde, bizikleta eliptikak probatzeko aukera izango da Agorrosinen martxoaren 5etik 30era, kirolguneko ordutegian. 16 urtetik gorakoa izatea eta kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da.
Ikastaroen eta jardunaldien inguruko argibide gehiago, hemen.
EGITARAUA
Martxoak 6, 7, 8
- 19:00: Ikastaroa: Bizikletaren oinarrizko konponketak.
Martxoak 13, 14, 15
- 19:00: Ikastaroa: GPSaren erabilera ordenagailuan.
Martxoak 20, 21, 22, 23
- 19:00: Bizikletan egindako bidaien gaineko hitzaldi-proiekzioak Irizarren.
Martxoak 24
- 09:30: Haur eta gurasoendako bizikleta martxa eta jinkana Labegaraietan.
- 10:00: 12:00 Bizikleta materiala saltzeko eta trukatzeko azoka.
- 12:00: Herritar guztiendako bizikleta martxa irekia.
Martxoak 25
- 10:00: Gorlako 38. Txirrindulari igoera.
Oinezkoendako igoera izango da frontoitik 09:00etan, Pol-Poleko kideekin batera; Mendia Bizirik taldearen eskutik ibilbide tematikoa Gorlan, 10.00etan.