Mariaren Lagundiko lanak, geratuta oraingoz

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 1a

Mariaren Lagundiko eraikin berriaren botatze lanetan arazoak sortu dira eraikinaren ondoko Zabalotegiko 14. zenbakiko etxeekin, eta hori dela eta, eraiste lanak gelditu egin behar izan dituzte puntu horretan. Zabalotegi 14ko etxebizitzetan falta zen pareta egin beharko dute eraiste lanekin jarraitzeko. Martxo erdialdera egingo dute aurrera eraiste lanekin.

Zabalotegi 14ko eraikinak ez zeukan paretarik Mariaren Lagundiko eraikinaren aldera, eta beraz, akordiora iritsi behar izan dute egunotan Ortuibarrek eta Jabier Arregik osatzen duten Lotzen enpresak eta Zabalotegi 14ko bizilagunek. Hamabi etxebizitza daude Zabalotegiko erakinean.

Mariaren Lagundiko erakin berria eraikitzeko lanak lehenago hasi baziren ere, Zabalotegiko 14ko eraikinekoak lehenago bukatu zituzten, 1962. urte aldera hain zuzen.

Zabalotegi 14ko pareta

Erregetxo plaza aurreko eraikina botatzeko lanak Gabonen atarian, abenduaren 19an, jarri zituzten abian eta uste baino gehiago luzatu dira. Orain, esan bezala, Lotzen enpresa arduratuko da Zabalotegi 14ko eraikinean falta den pareta egiteaz eta eraikinari iragazgaiztutako itxiera emateaz; eraiste lanek martxo erdialdera egingo dute aurrera.

Hasierako proiektuaren arabera, Mariaren Lagundiko eraikinaren tokian 63 etxebizitza egitea aurreikusten dute: 12 etxebizitza babes ofizialekoak; 13 tasatuak: eta 38 libreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak