Berriketan eta Hika-Lagun programetan parte hartzera deitu du Jardunek

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 29a

Bergarako mintzalagun programa, Berriketan izenekoa, indartu nahi dutela-eta, jendea animatu dute programa horretan parte hartzera. Udala, Jardun, Udal Euskaltegia eta AEK daude Berriketan egitasmoaren atzean. Proiektu honen helburu garrantzitsuenetakoa da "euskara ikasi arren, erabiltzeko ohitura edo aukerarik ez daukan jendeari, esparru hori zabaltzeko modua ematea". Bestalde, Hika-Lagun programan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak.

Berriketan programan, herriko hainbat jende elkartzen da euskararen erabilera handitu nahian.

Egitasmo honetan parte hartzen duen jendea, astean ordu batez taldeka elkartzen da: binaka, hirunaka, launaka… Euskaraz berba egiten duten bitartean, gisa honetako egunerokoak egiten dituzte: paseatu, kafea hartu, herrian dauden erakusketetara joan… Taldearen gustuen araberakoa izaten da. Horretaz gain, talde desberdinetako jendea elkartzeko asmoarekin, asteburuetarako ekintza osagarri batzuk ere antolatzen dituzte: mendi irteerak, kobazuloak ikusterakoak, sagardotegirakoak, gazta egitera… Dena den, asteburuetako hauetara nahi edo ahal dutenak joaten dira.

Hika-Lagun ere bai

Bestalde, Berbalagun egitasmoaz gain, bultzagileen asmoa da Hika talde bat sortzea da Bergaran, hitanoaren erabilera areagotzeko. Hau da, Hika-Lagun izeneko proiektua berriz ere martxan jarri nahiko lukete.
 
Gaur egun, Bergaran "hitanoa erabiltzea oso zaila egiten zaigu, eta zailtasun hauek gainditu eta hau aurrera eramateko aukerak ematea da gure asmoa; astean ordu batez, hitanoa erabiltzea" diote Jardunetik.

Hala, hortaz, Berriketan eta Hika-Lagun programetan parte hartzera "animatzen zaituztegu" diote. Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, Jardunera deitu behar da: 943 76 36 61.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak