20,7 milioiko aurrekontua da onartutakoa, %4,8ko jaitsiera iazkoarekin alderatuz. Boto esplikazioan Ander Alberdi EAJko zinegotziak hartu zuen hitza bere alderdiaren desadostasuna azaltzeko: "Partida handienetan ez dugu murrizketarik ikusten eta bai aldiz kulturan, hezkuntzan edota euskaran. Zalantzazkoak ikusten ditugu aurreikusitako sarrera guztiak eta Udala maniobrarako tarterik gabe geratzen dela uste dugu. Zaborren gaiarekin bestalde, inolako bideragarritasun planik ez da egin eta defizitarioa izango da atez ateko sistema, galerak ekarriko ditu herriarendako. Udaleko lan hitzarmenak hurrengo urteetan zer nolako eragina izango duen ere ikusteko dago. Pertsonal gastuari dagokion lehenbiziko kapituluan igoera onartu da eta legearen kontrakoa dela uste dugu".
Bestalde, atzoko udabatzako gainerako puntuak aho batez onartu zituzten: fakturen erregistroa eta ordainketa; kontuen batzorde bereziaren osaketa; eta azkenik, Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko lehen aldaketari hasierako onarpena.
Plenoaren bukaeran, Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak eskaera bat egin zuen, "ahal dela ez ohiko plenoetarako deiak aurrerapen handiagoz egitea, agendan haiei lekua egiteko denbora izan dezagun". Jesus Elortza alkateak erantzun zion: "Oraingoan datekin arazoak izan dira aurreko astelehena jai eguna izan zelako eta agindutako epeak betetzeko ezinbestekoa zen plenoa gaur egitea". Atzoko batzarrean lau zinegotzik huts egin zuten: Aralarko Justina Elexpuruk, Bilduko Javi Bengoak eta EAJko Juan Jesus Alberdik eta Rafael Amosarrainek. Hurrengo udalbatza hilaren 21ean egingo dutela aurreratu zuen alkateak.
Jendeaurrean aurkezpena eguenean
Aurrekontuarekin lotuta, Udal gobernuak Udaleko aurrekontua aurkeztuko du herritarren aurrean eguenean, hilaren 10ean, 19:00etan, osoko bilkuren aretoan. Interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuta.