Carlos Arrondo: "Mendi eta Auzoen batzordean ibiltzeak herriko txoko guztiak ezagutzeko aukera eman zidan"

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 29a

Bergarako erretiratuen egoitzan hartu gaitu Carlos Arrondok (Bergara, 1943). Zerrajeran eta Fagorren lanean jardun ondoren, 2003. urtean hartu zuen erretiroa eta azken zazpi urteetan San Joxepe erretiratuen elkarteko presidentea izan da Arrondo.

Hasieran uste baino denbora gehiago eman du zuzendaritzan eta hurrengo martxoaren 28ko batzarrean agur esango dio karguari. Udaletxean agintaldi bakarra egin zuen, 1991- etik 1995era, Victoriano Gallastegi alkatetzara iritsi zenean hain justu. Lau urtez egon zen udaletxean, eta Mendi eta Auzoen batzordean egin zuen lan batik bat. Sasoi hartatik oroitzapen onak ditu, zinegotzi postuak nahiko sakrifikatua dela aitortzen digun arren; "lana eta funtzio publikoa bateratzea ez da erreza askotan".

Nola hasi zinen udaletxean?
Alderdian genbiltzan eta handik etorri zen proposamena udal hauteskundeetako zerrendan joateko. Oker ez banabil zazpigarren nindoan zerrendan eta zazpi ordezkari lortu genituen 1991eko maiatzeko hauteskundeetan. Hurrengo lau urteetarako gobernua osatu genuen PSE-EErekin.

Sasoi hartan udaletxean egindako lanetatik, zein nabarmenduko zenuke?
Udaletxera iritsi eta handik gutxira jarri ziren abian udaletxea berritzeko lanak. Anbulante ibiltzea tokatu zitzaigun guri: osoko bilkurak kultura etxean; batzordeak eta bestelakoak Irizarren; bulegoak Aroztegi etxean zeuden orduan, Kutxari alokatuta, eraikina erosi baino lehen... Udaletxeko berritze lanak agintaldi amaieran bukatu ziren.
Niri dagokidanez, Mendi eta Auzoen batzordean ibili nintzen eta herriko auzoak ondo ezagutzeko aukera paregabea izan nuen: auzo alkateekin hartu-emanak, falta ziren mugarriak jarri genituen orduan, auzoetara posta bidaltzeko ahalegin berezia egin zen, mendiko zenbait bide egokitu.... Edozelan ere, ahal zena egiten saiatu ginen udaletxean emandako denboran.

Mugarriena ez zen gauza erraza gertatuko, ala?
Nire aurretik Gregorio Muruamendiaraz ibilitakoa zen udaletxean; haren eta Eladio Garcia basozain antzuolarraren laguntza ezinbestekoa izan zen, biak ere oso adituak baitziren terreno kontuetan. Askotan ez dago oso argi mugarria non jarri behar den eta nahiko tira-bira egoten ziren zenbaitetan jabe ezberdinen artean. Mugarriak jartzea erritu berezia da, ez nuena aurretik ezagutzen. Antzinako ohiturari eutsita, teila zati bat jartzen genuen lehenbizi eta haren gainean mugarria, harrizkoa zein zementuzkoa, eta orientazio jakin batekin. Horrelakoak ikastea ere tokatu zitzaigun, pentsa...

Ez zenuen hurrengo agintaldian jarraitu baina.
Lantegia eta udaletxea bateratzea ez da erraza eta sakrifizioa eskatzen du horrek, eguneroko lanaren ondoren udaletxekoa datorrelako. Zenbaitetan baimen berezia eskatu behar izaten nuen, tarteka bidaia bat edo beste izaten genuelako. Esaterako, Italiara eta Israelera; Jaurlaritzaren bitartez Tel-Aviveko Nekazaritzako Makineria feria ikustera joan ginen.

Orain, San Joxepeko zuzendaritza uzteko ordua iritsi zaizu.
Bai, uste baino denbora gehiago egin dut presidente karguan: zazpi urte. Gustura ibili naiz baina ordua da beste norbaitek erreleboa hartzeko, nik Alejandro Arroyori hartu nion moduan. Martxoaren 28an egingo dugu batzar orokorra. Erretiratuen elkarte indartsua daukagu Bergaran, 1.600 bazkide ingururekin, eta beti dago zerbait egiteko hemen... Egunero goizez etortzen naiz egoitzara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak