Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak zera eskatu zion udal gobernuari: ekaina baino lehen herri kontsulta martxan jartzea, galdeketako galdera argia izatea eta kontsulta horren emaitza bere egitea Udalak. Jesus Elortza alkateak gaia plenoan aztertuko dela esan zuen, aurretik Plan Estrategikoan landu izan dutelako. Horren ondoren, Oiarbidek gogoratu zion Plan Estrategikoan galdeketak egitea jasota dagoela eta horrelako garrantzia duen gai bat herritarrekin kontsultatu beharra dagoela. Elortza alkateak zera erantzun zion: "Plan Estrategikoan parte hartzeko aukera izan dute nahi izan duten guztiek, parte hartze zabala izan da eta han garbi geratu da atez atekoaren premia. Eta badugu asmoa herritarrek behar bezala informatzeko atez atekoaren gainean". Oiarbideren arabera, herritarrak aurrez informatu beharra dago, ez erabakiak hartuta daudenean. Era berean, Plan Estrategikoan ez dela atez atekoaren beharrik jasotzen azpimarratu zuen EAJko bozeramaileak.
Juan Jesus Alberdi EAJko zinegotziak zera gehitu zuen: "Herritarrei zuzenki eragiten dien gai bat nahiko arrazoia da kontsulta egiteko eta aurrekoek ez badituzte gauzak ondo egin kontsultak eginez, goazen orain ondo egitera". Elortza alkateak esan zuenez, eztabaidaren atzean atez ateko sistemaren edo errauskailuaren aldeko erabakia dago eta metodorik eraginkorrena aukeratu beharra zegoela gaineratu zuen. Jaione Isazelaia zinegotziaren hitzetan, "bizi kalitatea ez dugu hipotekatu nahi eta ingurunearekin koherentzia mantentzen ari gara. Poliki-poliki hedatzen ari den sistema da atez atekoa eta eraginkorrena dela ikusi da, natura gehien errespetatzen duena". Osoko bilkura jarraitzen ari ziren Aitor Arantzabal eta Maite Guridi zinegotzi ohiek ere hartu zuten hitza, atez ateko sistema defenditzeko. Arantzabalen arabera, "alde batetik EAJ herri galdeketak egitea defenditzen dabil eta nahiko hipokrisia iruditzen zait, horrelakorik sekula ez duenenean egin; eta bestalde egia da Ezker Abertzaleak beti aldarrikatu izan dituela herri kontsultak, baina egia da baita zaborren gainean ez digutela inoiz kontsultatu. Atez atekoa edo errauskailua da eztabaida, eta atez atekora jo behar dugu datuek ez dutelako gezurrik esaten". Amaieran, EAJk berriz ere galdetu zion alkateari herri galdeketa egingo ote zuen eta alkateak kontua nahiko argi geratu zela erantzun zien jeltzaleei.
'Aska'-ren aldeko mozioa
Eztabaida horren aurretik, Udaleko langileek aurkeztutako Aska libre. 21 asko dira mozioa onartu zuten Udal Gobernuko kideek eta EAJk. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen bozketan. Mikel Askasibar Aska bergararrak 21 urte bete berri ditu kartzelan, joan den otsailaren 9an hain zuzen. Jasotako zigorraren hiru laurdenak beteta izateagatik, Aska-ren askatasuna eskatzen du atzo onartutako testuak. Aska-ri eta bere senitartekoei elkartasuna adierazteaz gain, "21 urte asko direlako salbuespeneko neurri denak desaktibatzea eta askatasuna" aldarrikatzen dute eta, era berean, "askatasuna gauzatu bitartean Euskal Herriko espetxe batera gerturatzea". Pili Gartzia Udaleko langileak eta Jabi Lazkano preso ohiak hartu zuten hitza atzoko plenoan. Gartziak azaldu zuenez, 100dik gora udal langilek sinatu dute testua: "Garbi dagoena zera da: gure eskubideak murriztu nahian legea aipatzen dute komeni zaienean bakarrik; euren legeak gure aldekoak izan ahal direnetan ezkutatu egiten dute. Oraingo honetan, Jose Luis Elkoro libre plataforma sortu zenean, lortu ezina zirudiena lortu genuela gogoraztea besterik ez dago". Jabi Lazkanok, berriz, Bergarako preso ohien komunikatua irakurri zuen Aska-ren askatasuna aldarrikatuz. Bukaeran, Mikel Etxaburu Ondarroako olerkari eta preso ohiaren Ez ahazteko olerkiaren hitzak gogora ekarri zituen Lazkanok.
Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena
Bestalde, 1512-2012 Nafarroaren Konkista izeneko adierazpena aho batez onartu zuten atzo. Nabarralde Elkarteak eta Debagoieneko Nafarroa Bizirik lantaldeak aurkeztu zuten adierazpena, "1512an Nafarroako azken lur independenteen inbasioa gauzatu zela-eta. Geure nazio eta herritar libreen autoestimua suspertuz, gogora dezagun Aitzorrotzeko gaztelutik Elosuko gazteluraino Debagoiena, eta itsasoraino Deba bailara osoa, Nafarroa independentearen eskualdeetako bat zela. Gogora dezagun euskaldunok Europan estatu subirano baten herritarrak izan ginela eta gure independentzia galtzeak gaurko gatazka eta egonezina ekarri digula". Esan bezala, alderdi guztiek babesa erakutsi zioten atzoko osoko bilkuran 1512-2012 Nafarroaren Konkista adierazpenari. Rafa Santxezek eman zuen horren berri. Batetik, dei egiten diete herritarrei zein gainontzeko talde zein erakundeei 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenaren ikurra ikusgai izatera. Eta, bestetik, pertsona, talde, elkarte eta instituzio orori gonbitea luzatzen diote, ekainaren 16ko Euskal Herriko Ibilaldi Nazionalarekin bat egitera. Horrekin batera, uztailaren 25ean, Albako Dukearen Armada nafar hiriburuan sartu zela 500. urteurrena beteko denean, nafar bandera haga erdian edota dolu-xingolarekin jartzera deitu dute.
Beste zenbait gai
Beste gai batzuen artean, Bildu-Aralarrek eta EAJk Garoñako zentralaren gainean aurkeztutako adierazpen instituzionala aurrera atera zuten aipatutako alderdiek eta martxoaren 8ra begira Bergarako udal gobernuak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten. EAJk hipoteken gaineko beste mozio bat eraman zuen baina hurrengo baterako utzi zuten, beste alderdiekin batera adosteko. Azkenik, PSE-EEK PPk onartutako lan erreformaren aurkako testua eraman zuen plenora, baina hori ere hurrengo baten aztertzeko geratu ziren udalbatza osatzen duten alderdiak.