Euskal Herriko irrati txikiak handi egin dira Bergaran

Ubane Madera 2012ko otsailaren 27a

Euskal Herri osoko irrati txikietako 60 ordezkari baino gehiago buru-belarri lanean ibili ziren Bergarako gaztetxean zapatuan, egun osoan.

Arrosa sareak antolatuta, irrati txikien lehen bilkura nazionala egin zuten, eta jasotako erantzunarekin "oso gustura" geratu ziren antolatzaileak: "Pentsatzen genuena baino jende gehiago etorri da, eta hori poztekoa izaten da beti. 62 lagun inguru goizean, gehiago arratsaldean.  Euskal Herri osotik etorri da jendea: Iparraldetik, Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik… eta denetik etorri da, gainera: irrati txikiak, libreak, euskara hutsezkoak, elebidunak, hastear dauden irratietakoak…", kontatu du Jon Aranburuk, Gasteizko Hala Bedi irratiko langile eta Arrosa sareko ordekariak.

Auzolana oinarri

Irratigintzan jarduteko jakintza eta tresnak partekatu zituzten Arrosaren lehen bilkura nazional horretan: "Askotan ez garenez profesionalak, zenbait tresna ibilian-ibilian ikasi ditugu erabiltzen, eta guk ikasi ditugun gauzak besteei erakustea ere komeni izaten da. Arrosa sarea auzolanean egiten den sarea denez, jakintza ere auzolanean elkarbanatu nahi genuen".

Kalekoak eta gertukoak

Aranbururen esanetan, zapatukoa bukatuta, momentuz ez dute bestelako bilkura nazionalik egiteko asmorik. Baina hori bai, Arrosa sareak bere lanarekin segituko duela aditzera eman zuen. Era berean, irrati txikien esparrua aldarrikatu zuen Aranburuk: "Hedabide txikiak eta tokian tokikoak kalekoak gara, eta kontatzen ditugun istorioak eta ematen ditugun berriak geure gertukoen berriak dira, geure begietatik begiratutakoak. Gu ez gaude enpresa batek, edo irrati komertzialek bezala, diruak esan nahi duenari begira; irrati bakoitzak bere asmo informatiboen arabera lan egiten du. Batez ere gertutasuna ematen dugu".

Jon Aranburu, Arrosa sareko ordezkaria: "Pixkanaka-pixkanaka ari dira sortzen irrati berriak"

Zer dela-eta egin dituzue jardunaldiok Bergaran?

Bergaran geundela erabaki genuen jardunaldiak egitea, eta ikusi genuen Bergarako gaztetxeak baliabide asko eta oso egokiak eskaintzen dituela, Txapa irratia ere gaztetxearen baitan dago… horrek gauza asko errazten zizkigun. Eta gaztetxe bat izatea ere egokia iruditu zitzaigun. Gu ez gara leku handien zale, Euskalduna, Kursaal eta halakoen zale. Gaztetxeetan askotan ibiltzen gara, eta gaztetxeak izaten dira kulturaren elkartrukerako lekurik nagusienetako bat.

Erantzuna ikusita, etorkizun ona antzematen zaie irrati txikiei?

Aurrera goaz. Ez dituzte batzuk alperrik 27 urte bete, beste batzuk 30, 31… Eta irrati berriak ere pixkanaka-pixkanaka ari dira sortzen. Gaur egun teknologiak asko errazten du irratiak egin ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak