Bergarako pilotalekua jendez gainezka, Askaren alde

Ubane Madera 2012ko ots. 26a, 11:38

Mikel Askasibar preso bergararrari erabateko babesa erakutsi zioten herrikide eta lagunek zapatuan Bergarako pilotalekuan. 21 Asko Dira izenarekin, pilota jaialdia antolatu zuten, eta frontoia jendez gainezka zegoela, bi partiduez gozatzeaz gainera, Askaren askatasuna aldarrikatu zuten. Aska beraren berbak ere entzun ziren frontoian, grabazio baten bitartez preso bergararrak urtetan "sentiarazitako maitasuna eta elkartasuna" eskertu zien bertaratutakoei. "Harro nago", gaineratu zuen eta "laster elkar ikusiko garelakoan", agurtu zituen herrikide eta lagunak.  

 

Hunkidura aurpegiak Askaren senideen artean, txalo zaparrada frontoia bete zutenen artean eta Mikel Goñiren espektakulua eta pilotakada indartsuak ardatz izan ziren atzo Bergarako pilotalekuan, Mikel Askasibar presoaren alde antolatutako pilota jaialdian.

"Herriak erantzun du"

Ekimenaren helburua mezu bikoitza helaraztea zen: Askaren askatasuna exijitzea eta haren senideei elkartasuna adieraztea, eta ondo asko lortu zuten, frontoian batu zen jendetza ikusita. Antolatzaileak pozik emaitzarekin "herriak erantzun duela" ikusita, eta horrek "aurrera segitzeko kemena" ematen duela aitortu zuten, "ea hurrengoan ere halako erantzun zabala edo handiagoa lortzen dugun", kontatu zuen Xabier Lazkanok, aske geratu den Bergarako azkeneko presoak.

Mikel Goñiren ekarpena

Jaialdiak, baina, beste protagonista batzuk ere izan zituen, jakina: pilota jaialdia izanda, pilotariak eurak, eta tartean Mikel Goñi. "Ni nahiko abertzalea naiz eta gustuko dut halakoetan laguntzea; gure ekarpen txikia eginez ahal baldin bada lagundu, egingo dugu", adierazi zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak