Zabalotegiko 14. zenbakiko etxeek eta Mariaren Lagundiko eraikinak bat egiten duten tokian etorri dira ustekabeko arazo horiek eta lanak geratzeko erabakia hartu dute arduradunek.
Erregetxo plaza aurreko eraikina botatzeko lanak Gabonen atarian, abenduaren 19an, jarri zituzten abian eta hasiera uste baino gehiago luzatu dira, Gabonen osterako amaituta izatea aurreikusten zuten-eta. Lanok ikusmin handia piztu dute herritarren artean, baina, esan bezala, ezin izan dituzte oraindik lanak errematatu. Zabalotegiko 14. zenbakiko eta Bidekurutzeta 31ko etxeak Mariaren Lagundiko eraikinaren ondoan egotean, segurtasun neurri bereziak jarraitu behar izan dituzte.
Javier Korta arkitektoa izan da eraiste lanen zuzendaria eta Demoliciones Ryde enpresako dozena bat langilek jardun dute lanean azken asteotan. Hondeatzeko hiru makinarekin eta garabi handi batekin ibili dira zenbait egunetan, eta, esandako moduan, interes biziarekin jarraitu dituzte herritarrek eraikinaren eraiste lanak. Eraiste lanekin ezin jarraitu, eta nagusiki lurzoruaren garbiketa eta txukuntze lanak egin dituzte azken egunotan.
63 etxebizitza
Botatako eraikinaren tokian 63 etxebizitza egitea aurreikusten dute. Ortuibarrek eta Jabier Arregiren Lotzen enpresak egingo dituzte etxebizitzok eta uda aldera lanekin hasteko asmoa zeukaten. Proiektuaren arabera, 12 etxebizitza babes ofizialekoak izango dira; 13 tasatuak: eta 38 libreak.