Iker Valleren margolan abstraktuak ikusgai

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 24a

Beste erakusketa bat zabalduko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan. Iker Valle donostiarraren margolanak ikusgai egongo dira martxoaren 11ra arte. Bereziki margolan abstraktuak ikusi ahal izango dira; tamaina ertaineko eta handiko hamaika pinturak, Xabier Agirreren istorio laburrez lagunduta doazenak.

Lehenengo aldiz erakutsiko ditu lanak Debagoienean. Haren anaia Bergaran bizi da eta behin baino gehiagotan egon da Aroztegin. Hori dela-eta, bere ibilbidearen gaineko txostena gertatu eta herriko kultura arduradunei aurkeztu zien. Handik gutxira, erakusketa jartzeko gonbita jaso zuen.

Sukaldaritza abiapuntu

Iker Valle Andoainen jaio zen, 1976an. Txikitatik izan du margotzeko zaletasuna; horren harira, esan digu 1996. urtean hasi zela artelan autodidakta egiten. Komentatu digu sukaldaritza ikasi zuela, eta, horren bidez, koloreak, konposaketak eta bestelakoak lantzen hasi zela. "Irriki" horren ondotik, prestakuntza osatzen joan zen, askotariko ikastaroak eginda. Besteak beste, 1998tik 2001era bitartean, marrazketa ikastaroak egin zituen Alfredo Bikondoarekin, baita pieza zeramikoetan dekorazio ikastaroa, oihalean margotzeko eta metal ezberdinen imitazioen aplikazioa ikastaroa, egurrean margotzeko eskolak, marmol eta egur nobleen imitazioen ikastaroa eta zink soldadura Iñaki Olazabal eskultorearekin, Zumaian. 

Pinturaz gain, eskulturak ere egiten ditu donostiarrak. Horren harira, honakoa esan digu: "Eskulturak egiten dituen pintorea naiz ni; gustuko dut bi artelan horiek nahastea. Batzuetan, egin ditudan koadroak eskulturekin joan dira lotuta, bolumen aldetik; egiten dituzun marrazkiak pinturatik kanpo ikusi nahi dituzu, bi dimentsiotan beharrean, hirutan ikusi nahi dituzu".

Artelanak egiterakoan zertan oinarritzen den ere azaldu digu: "Barruko bilakaera da. Lehen, zirriborroak egiten nituen, baina orain, ez. Goizeko zortzietan mihise zuri baten aurrean jartzen zarenean, hasten zara pixkanaka zikintzen; gero, horrek beste zerbait iradokitzen dizu. Azkenean, zure eta egiten ari zaren horren arteko elkarrizketa sortzen da".

Ordutegia

Erakusketa honako ordutegian bisitatu ahalko da: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak