Hainbat Udal langilek Mikel Askasibar Aska aske lagatzea eskatu dute gaur eguerdian San Martin plazan. Horrekin batera, haren senideei elkartasuna ere erakutsi nahi izan diete. 2008Ko abuztuaren 22tik kondenaren hiru laurdenak beteta ditu eta elkarretaratzearen deitzaileek azaldu dutenez, "Espainiar legediak aske uztea ahalbideratzen badu ere, borondate politiko ezak barruan mantentzen du".
Mozioa aurkeztuko dute osoko bilkuran
Ehundik gora langilek sinatutako ASKA LIBRE. 21 asko dira izeneko mozioa ere aurkeztuko dute astelehenan, hilak 27, 19:30ean egongo den ohiko osoko bilkuran. Bost puntu ditu udalbatzak onartzeko aurkeztuko duten mozioak.
- Aska eta bere senitartekoei elkartasuna adieraztea.
- Hiru laurdenak beteta dituelako bere askatasuna eskatzea.
- 21 urte asko dira, gehiegi, salbuespeneko neurri denak desaktibatzea eta askatasuna
aldarrikatzen dugu. - Askatasuna gauzatu bitartean Euskal Herriko espetxe batera gerturatzea.
- Antolatuko diren ekitaldiak eta ekimenak babestea.
Horrekin batera, Aska-ren egoeraren berri ere ematen dute mozioan. Halaxe dio:
"1991ko otsailaren 9an atxilotu eta larri zauritu zuten. Ospitalean ingresatuta bost egunez inkomunikatuta izan ondoren beste 24 egunez eduki zuten ospitalean. Handik, Carabanchel espetxeko ospitalera eraman zuten beste 8 hilabetez bertan eduki zutelarik. Jarraian Herrera de la Manchara eraman zuten. Ondoren, epaiketekin hasi zen eta Alcala, Valdemoro eta Ocañako kartzelak pasa zituen. Honen ostean, Herrera de la Manchara itzuli zuten eta han jarraitzen du gaur egun ere.
Espetxeko egonaldi luze hau oso baldintza gogorretan eramaten ari da. Traslado batzuetan (hirutan) jipoitu dute. Zortzi gose greba egin ditu arrazoi ezberdinak salatzeko. Luzeena 34 egunekoa izan da. Azken gose greba egin zuenean tentsioarekin arazo larriak izan zituen. Euskal Herritik 1200 km baino gehiago egin behar dira bisitatu ahal izateko. Dispertsioa eta hurruntzearekin batera bere senitartekoei erantsitako zigorra ere bada. Bidaien arriskuez gain espetxean jasotzen duten tratu ankerra gehitu behar zaio: 2010eko irailetik bisitan joaten diren bakoitzean katxeoak egiten dizkiete. Aurrez aurrekoa edo bisak astean zehar jartzen dizkiete (lana badute ez joan ahal izateko). Bisitak senide batzuei goizean goiz eta besteei iluntzean jartzen dizkiete (beste kideak ez ikusteko eta senideak egun osoan han mantentzeko)
Espetxeko egoera ere ez da asko arindu , adibidez Askari urtarrileko azkeneko astean txabolo guztia miatu eta hankaz gora utzi zioten. Dutxako ura epela edo hotza izaten dute. Ziegan sekulako hotza egiten du eta patiora egunean lau orduz jeisteko aukera du. Patioak 15x 15metroko azalera du. Ez dute ikasteko aukerarik, mantarik ezin zaizkio kanpotik sartu.
XXI. mendean, 2012.urtean honelako egoerak sufritu behar izatea kontakizun sinesgaitz bati erantzuten dio eta ez bakarrik askatasunez pribaturik dagoen pertsona baten eskubide urraketa bidegabeari. 21 asko dira, gehiegi. 2008Ko abuztuaren 22tik kondenaren hiru laurdenak beteta ditu eta espainiar legediak aske uztea ahalbideratzen du. Borondate politikoa eskatzen du, ez besterik. Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berrian honelako jazarpenak ez dute ez zentzurik ez lekurik. Amaitu behar da honekin".