"Hego Amerikan barrena bidaiatzen nenbilen lagun batzuekin, eta Kolonbiara, Medellin hiriburura, iritsi ginen; lo egiteko leku bila genbiltzanean emakume bat gerturatu zitzaigun laguntza eskaintzera. Hark proposatu zidan modelo lanak egitea eta bertan geratu nintzen bi urtez". Etxean ondo hartu zuten Kolonbiatik iritsitako berria; bergararrak kontatu digu familiaren babesa izan duela beti. Kolonbian igarotako bi urteak, gainera, oso emankorrak izan ziren eta moda desfile garrantzitsuetan parte hartu zuen. Horrez gain, gizonezko modelo onenaren saria lortzeko izendatua izan zen bi bider.
Txinarako bidean...
Gaur egun Istanbulen bizi eta lan egiten du. Oso pozik dago bizileku berriarekin, baina dagoeneko baditu beste asmo batzuk eta baliteke laster Shanghaira joatea: "Istanbulen oso pozik nago. Bi hilabete inguru daramatzat hemen eta kanpaina askotan parte hartu dut. Lan asko dago. Batez ere, Turkiako markendako ari naiz lanean. Kolonbiarekin alderatuta, erritmoa askoz azkarragoa da hemen. Ia egunero lan egiten dut. Pozik nagoen arren, asmoa da laster Shanghaira joatea; niretako merkatu ona izan daitekeela uste dut".
Makillaje eta arropa artean
Gartziak gustuko du egiten duen lana, "bidaiatzeko eta kultura ezberdinak ezagutzeko" aukera ematen diolako. Bestalde, makillajea, ile-orrazkera arraroak eta arropa probatu beharra da gutxien gustatzen zaiona. Modelo izateak ligatzeko laguntzen duen galdetuta, irribarre batekin diosku ezin dela kexatu. Eta nola lortu horrelako gorputza? Zein da sekretua? Kirol asko egiten duela kontatu digu: "Futbola, saskibaloia, tenisa... kirola asko gustatzen zait. Elikadura ere ahalegintzen naiz zaintzen, baina txokolatea bizioa da niretzat". Begi berde horiekin eta berezko duen gertutasunarekin urruti iritsiko da, seguruenik, bergararra. Zorte on Shanghain!
