Bederatzi ziklista eta zazpi lasterketa afizionatu mailan

Xabier Urtzelai 2012ko otsailaren 24a

Afizionatuen mailan, Andaluzia osoan ez dute Debagoienean izango diren lasterketa kopurua baino askoz gehiago. Hemengo klubek egiten duten lanagatik, zale kopuruarengatik... arrazoi askorengatik dago osasuntsu txirrindularitza gurean (edo beste leku batzuetan baino osasuntsuago). Azken urteotan, baina, lasterketak bai, baina ez ditugu bertako nahi beste ziklista izan.

Iaz Jon Rivero bergararra izan zen talde batean lehiatu zen ordezkari bakarra (Debabarrenan) –independiente moduan izan zen beste txirrindulariren bat edo beste–, eta 2010ean afizionatuetan jardundako Iban Caballerok, Xabier Arantzetak eta Asier Penabadek txirrindularitza utzi zuten. Aurten goitik behera irauli da egoera, domekan Debagoieneko bederatzi txirrindularik hasiko dutelako Soraluzen (09:40) denboraldia. Lasterketa ibarreko mugetatik kanpo hasi eta amaituko badute ere, adi, txirrindulariek gureko errepideetatik egingo dituztelako lasterketak izango dituen 118 kilometroetako asko; mendate bakarra ere gurean igoko dute, Asentzio.


Bi taldetan banatuta
Debagoieneko bederatzi txirrindulariak bi taldetan banatuta egongo dira. Bergara aldekoek (Rivero, Aristi, Lizarralde eta Orobengoa) Debabarrenan lider jarraituko duten Aitor Gonzalez eta Sergio Ruiz izango dituzte erreferente. Nobedade handia Kanpantzar Harrobiak Baiñu-Etxe taldearen sorrera izan da, eta talde horretan bost dira ibarrekoak. Etzi batuko dira denak, Soraluzen, irteera puntuan.

DEBAGOIENEKO ZIKLISTAK:

kanpanzar Harrobiak Baiñu-Etxe

 Alex Aranburu. 19 urte
 Rafa Cordero. 19 urte
 Iker Eskibel. 19 urte
 Aitor Umerez. 19 urte
 Kepa Otxoa. 25 urte

Debabarrena
 Jon Rivero. 20 urte
 Eneko Lizarralde. 19 urte
 Odei Orobengoa. 19 urte
 Mikel Aristi. 19 urte

Zapatuan, gazteendako Soraluce Koop. Saria, Osintxun

Bihar, zapatua (16:00) Osintxun batuko dira gazte mailako txirrindulariak –110 inguru– denboraldiko lehen lasterketari aurre egiteko gertu. Parte-hartzaileen artean, talde gipuzkoarrez gain, Burgostik, Kantabriatik, Bizkaitik, Arabatik eta oro har, inguruko beste probintzietatik etorritako ziklistak izango dira. Gizonezkoekin batera aurreko ekitaldietan gertatu den bezala hainbat emakumezko ere espero dituzte irteera puntuan, eta horiendako ere sari bereziak izango dira, nahiz eta Soraluce enpresak babestuta aurrerago ere Osintxun egingo duten emakumezkoendako lasterketa.

Biharko lasterketarako antolatzaileek ibilbidearen azken kilometroetan erripa bat sartzea erabaki dutee. Ez da puntuagarria izango, baina seguru, bat baino gehiago ausartuko dela helmugatik hiru kilometrora dagoela kontutan hartuta. Soraluce S. Coop. enpresak babestutako lasterketa honek, 85 kilometro luze izango ditu Osintxu , Zubillaga eta Elgoibar artean. Beti bezala, antolatzaileek, parte hartzea bultzatzeko eta txirrindulariek lasterketa amaitzeko bidea izan dezaten, ibilbide laua prestatu dute, aipatutako azken hiru kilometrotako malda izan ezik; horrek baina, ez du inor lasterketatik kanpo utziko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak