Arrosa irrati libre eta txikien lehen jardunaldiak zapatuan Bergaran

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 24a

Arrosako jardunaldiak izango dira bihar, zapatua, Bergarako gaztetxean. Euskal Herriko irrati libre eta txikien sareak egiten duen lehen bilkura nazionala izango da. "Irrati bakoitzaren tresnak zein ezagutzak trukatzea da jardunaldien asmo nagusia", bultzagileen esanetan. Bergarako Txapa irratiak, etxeko ateak irekiko dizkie Euskal Herriko gainerako irrati libreei.

Jardunaldiak goizeko 09:30etan hasiko dira harrerarekin eta 10:00etatik aurrera irratigintzari lotutako hainbat tailer praktiko egingo dituzte. Eguerdian, Gaztetxean bertan bazkaltzeko, deskantsua hartuko da.  Arratsaldean, hausnarketarako tartea izango da eta mahai inguruak izango dira:

  • Euskara eta komunikabideak.
  • Generoa eta komunikabideak.

Bukaera emateko, kontzertuak izango dira 22.00etan: La Pop’lla eta Manillares Iturriaga taldeekin.

Arrosa sareko irratiek, dei berezia egin dute hastear edo hasi berri dauden irrati libreak jardunaldietan parte har dezaten, baina bertaratzea erabat librea izango dela jakinarazi dute.

Euskal Herriko euskal irrati txiki eta irrati libre guztiak gonbidatuta daude. Jardunaldien gaineko informazioa jaso nahi izanez gero, helbide honetara idatzi daiteke: arrosa.sarea@gmail.com.

2002tik elkarlanean

Arrosa irratien sarea 2002an sortu zuten, besteak beste, irrati libreek elkarlanean, sarean, emititzeko. 20 irrati libre eta autokudeaketan oinarritutako beste izaera batzuetakoak daude sare barruan, horien artean Bergarako Txapa Irratia, Debagoieneko bakarra eta 1984tik lanean diharduena.

Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa Euskal Herri osoko hainbat irratiren elkarlan proiektua da. Gehienak, irrati txiki xamarrak eta maila lokalean edo ertainean (herria, eskualdea edota herrialdea) aritzen direnak.

Lehen jardunaldiak, Bergaran

Bergaran egingo diren hauek, lehen jardunaldiak izan arren, Arrosa irrati sareak, sorreratik, hainbat irratiren arteko elkarlana bultzatu du. Irrati bakoitzaren euskarazko irratsaioak elkarbanatzeaz gain, irratien arteko lankidetzaz eta auzolanaz aurrera egiteko bideak jorratu izan ditu bere jardunean.

Arrosa sarearen gaineko informazio gehiago hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak