Gizonezkoekin batera, aurreko ekitaldietan gertatu den moduan, hainbat emakumezko ere espero dituzte irteera puntuan, eta haiendako sari bereziak izango dira, nahiz eta Soraluce enpresak babestuta aurrerago ere Osintxun egingo duten emakumezkoendako lasterketa.
Biharko lasterketarako, antolatzaileek ibilbidearen azken kilometroetan malda bat sartzea erabaki dute. Ez da puntuagarria izango, baina bat baino gehiago ausartuko da, helmugatik hiru kilometrora dagoela kontuan hartuta. Soraluce S. Coop. enpresak babestutako lasterketa horrek 85 kilometro izango ditu Osintxu, Zubillaga eta Elgoibar artean.
Beti bezala, antolatzaileek, parte-hartzea bultzatzeko eta txirrindulariek lasterketa amaitzeko bidea izan dezaten, ibilbide laua prestatu dute, aipatutako azken hiru kilometroetako malda izan ezik; horrek, baina, ez du inor lasterketatik kanpo utziko.
Maila oneko ziklistak iaz
Iaz Xabier Peñagarikanok irabazi zuen lasterketa –Peñagarikano aizkolariaren semea–, eta Espainiako selekzioko kide izan zen hainbatetan. Harekin batera Oscar Santamaria burgostarra ere egon zen podiumean: gaur egun ziklista profesionala da.