Gazteen torneoa egubakoitzean hasi zuten, Bartzelonaren kontra. Partidua galdu egin zuten, baina kantxan bizi izandako sentsasioak erabat positiboak izan ziren. Izan ere, Bartzelonak talde oso ona zuen, teknikoki eta indarrari dagokionez, eta hala ere, gipuzkoarrek azken unera arte eutsi zioten. Ondoren Madrilgo Fuenlabrada taldearen kontra jokatu zuten, eta hor, GBCkoek ez zuten kontrariorik izan. Hala, Sevillako taldearen kontrako partidua erabakigarria zen, irabaziz gero kontsolazio finala jokatzeko txartela lortuko zutelako. Baina, ordubetez markagailuan agintzen joan eta gero zorteak bizkarra eman zien gipuzkoarrei, eta Sevillakoek egin zuten aurrera. Txapelketako irabazlea Bartzelona izan zen, finalean Madril mendean hartuta –nagusien finalean gertatu zenaren kontrara.
Bergarako gazteak, baina, pozik itzuli ziren Bartzelonan bizi izandako esperientzia oso aberasgarria izan delako. Orain, Bergararekin jarraituko dute lanean.