XIX. mendean sortu zen gaur egun Arrizuriaga parkea moduan ezagutzen dena. Hain justu ere, XIX. mendeko bigarren erdialdean, Untzeta jauregian eta haren inguruan lan handiak egin ziren, kanpoaldean zein barnealdean eta beste eraberritze-lan batzuen artean, paisaia-moduko lorategia diseinatu zen, gaur egun etxearen alboan dagoena (lehen, etxeko ortua zen lursailean).
Sasoi hartan, lorategia hiriguneko mugan zegoen, eta bertan zuhaitz-mota apaingarri ugari landatu ziren: ezkiak, zedroak, indigaztainondoak, etab. Lorategi hura gaur egun Arrizuriagako parkea bilakatu da. Guganaino iritsitako zuhaiztiak 54 zuhaitz heldu ditu. Ale gutxi batzuk lorategia sortu zeneko garaikoak dira; beste batzuk, ordea, geroago landatutakoak dirudite; eta bakarren bat ere gune honetako mantentze-lanak utzi zirenean bertan berez hazitakoa da.
Untzetako zuhaiztiaren kudeaketa
Honen moduko lorategietan zuhaiztia trinkoa izaten denez, bertan kudeaketa aktiboa behar izaten da, bai zuhaitzek euren betebeharrak beteko dituztela bermatzeko, bai arazoak gutxitzeko. Honen moduko guneetan landatutako zuhaitzek bere-berezko kudeaketa behar dute, berezia.
Beste herri askotan halako guneetan gertatu izan den moduan, Arrizuriagako zuhaiztiak ere hamarkada batzuetan ez du jaso beharrezkoa zuen arreta berezia. Gaur egun, berriz, lorategia hiri-bilbean zeharo sartuta dagoenez, eta jendearentzat ere ireki denez, beharrezkoa da arreta hori ziurtatzea.
Hala, Udaleko zerbitzu teknikoak 2010ean hasi ziren Arrizuriagako zuhaiztia kudeatzeko modua planifikatzen. Lehenengo fasean inbentarioa egin zuten eta ondoren, 2011n, zuhaiztiaren egoera aztertu zen (egoera fitosanitarioa, bizigarritasuna, arriskuak...). Fase horretan, arlo tekniko horretan oso ezaguna den aditu baten laguntza izan zuen Udalak; Gabriel Iguiñiz Agesta teknikariarena.
Teknikari horrek berak balioetsita zituen aurrez Bergarako udalarentzat Usondo, Errotalde eta Errekaldeko zuhaiztien egoera.
Untzetaren (Arrizuriagaren) kasuan, parkeko zuhaitz bakoitzaren egoera eta bizigarritasuna balioetsi ziren, egiturazko akatsak aztertu ziren, eta balizko arriskuak ere neurtu ziren resistografo baten bitartez —resistografoak zuhaitzen ainguratze-arazoak ebaluatu ditzake—. Horri guztiari esker, modu objektiboagoan ezagutu zen zer nolako egiturazko hondamen-egoeran zegoen zuhaiztia, eta egiatan apurtzeko edo jausteko arriskuan ote zegoen.
Bada, egindako azterketa horretatik neurri zuzentzaile zehatz batzuk ondorioztatu dira, Udala Arrizuriagan burutzen hasi den jarduketen osagai direnak.
Inausketak, mozketak eta landaketa berriak
Hurrengo asteetan hiru lan egin behar dira:
- Mozketak: 54 zuhaitzak aztertu ondoren, 10 kendu egin beharko dira, ahul daudelako eta apurtzeko edo jausteko arrisku larria dutelako.
- Adaburuetako abar lehorrak kendu eta huntzak erretiratuko dira.
- Landaketak: zuhaitz berriak landatzeko plangintza bat jarri behar da martxan; horrela, orain kenduko diren zuhaitzak era progresiboan ordeztuko dira. Lorategi honetan zuhaitz-masa biziberritzea helburu garrantzitsua da; izan ere, hemengo zuhaitzetatik asko dagoeneko oso helduak dira. Landatu beharreko espezieak aukeratu eta banatzeko orduan, kontuan hartu beharko dira, batetik, Untzetako zuhaiztiak etorkizunean izango duen bilakaera eta, bestetik, Florentziako Gutunean lorategi historikoak kudeatzeko jasotzen diren aholkuak.
Udalaren balorazioa
Udaletik jakinarazi dutenez, "ondo" dakite 10 ale mozteak zer nolako galera dakarren. "Benetan aspaldikoak diren
zuhaitz batzuk galduko ditugu, eta horrek gune honetako aniztasun biologikoan eragina izango du segur aski".
Eta gehitu dute: "Jakin badakigu hirigunearen barruan zuhaitzak egotea, lehenik eta behin, bergararren bizitza-kalitatea hobetzen duen faktore bat dela. Eta Untzetak gainera kultur balioa izanik —lorategi historikoa da—, horrek ere berezitu egiten duela. Baina teknikari adituekin kontsultatu ondoren, zuhaitz-gune hau epe luzera mantendu eta bermatu nahi bada, esandako lanak lehenbailehen egitea komeni dela baloratu dugu. Hasi nahi dugun kudeaketaren helburua hau da: kontuan hartzea, alde batetik, zuhaiztiak duen bideragarritasuna eta ingurumenarekiko betebeharra eta, beste alde batetik, parkearen erabilera publikoa eta betetzen duen aisialdi-funtzioa. Oraingo jarduketak ez dira egingo une honetan krisi edo arrisku egoera zehatzik dagoelako. Gure helburua da epe luzera zuhaiztia osasuntsu egotea eta bere betebehar guztiak bete ditzala".
Piramide bat Iturriberri inguruan
Arrizuriagako jarduketatik sortuko diren abarrak eta enborrak biltegiratu egingo dira eta geroago hildako egurrarekin piramide bat egingo da, jadanik urte batzuk direla San Martzial inguruan Udal zerbitzuek egin zuten beste haren antzerakoa.
Horrelako piramideen helburua da arriskuan dagoen baso-fauna ornogabea berreskuratzea. Piramidea Iturriberri inguruan sortuko da (Gorlan). Hantxe bertan egiten ari da Udala, azken urte hauetan, hainbat jarduketa Ingurumena zaindu eta ezagutarazteko asmoz.