Esne Beltzak Bergarako gaztetxoak erakarri zituen gaztetxera

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 18a

125 bat lagun batu ziren egubakoitz arratsaldean Esne Beltza taldearen emanaldia ikusteko. Taldearen izena eta kontzertuaren ordua kontuan hartuta gaztetxo asko joan ziren Bergarako gaztetxera. Taula gainean hiru musikari arituko ziren: tronboi jolea, Xabier Solano trikitilaria  eta DZ disko jartzailea.

'Sound system' emanaldia

Esne beltzak sound system erara eskaini zuen kontzertua, formatu txikian. Antolatzaileak gustura geratu ziren, "giro polita" ipini zutela adierazi zuten. Batez ere taldearen betiko abestiak eskaini zituzten eta gaztetxera joandako gaztetxoek gustura entzun zuten emanaldia.
Baina kontzertua bakarrik ez zen izan egubakoitzean Esne Beltzak eskaini zuena. Emanaldi didaktikoa ere eskaini zuten. "Musikan urte mordoa daramatzate eta euren bizipenak ere kontatu zituzten", azaldu du Aritz Alustiza Bergarako trikitixa batzordeko kideak. Musikariek ikusleak animatu zituzten taula gainera igo eta musika instrumentuak jotzera: "Soinua jo dute, platoak nola erabiltzen diren ikasi dute... musikarien eta ikusleen artean harreman zuzena sortu da", zioen Alustizak.

Trikitixa batzordearen lana

Trikitixa batzordea, talde moduan, aurten hasi da lanean. Urtarrilean afari bat antolatu zuten; egubakoitzekoa, euren bigarren ekintza izan zen. Azaldu dute aurrera begira lanean dihardutela: euren asmoen artean dago Joseba Tapia Bergarara ekartzea. Uda aurretik antolatu nahiko lukete hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak