EAJri zuzendutako pankartak direla-eta, Bergarako sozialistek elkartasuna adierazi diete jeltzaleei

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 15a

Azken osoko bilkuraren ostean, Bildu eta Aralarren Udal gobernuko zinegotzien eta EAJkoen arteko "tentsio-giroa" dela-eta, Bergarako sozialistek "elkartasuna" adierazi diete jeltzaleei. Bestalde, urtarrilaren 30eko azken osoko bilkuran pertsona batzuek "EAJrendako iraingarriak ziren pankartak" atera zituztela eta halako jokabideak "ulertezinak eta justifika ezinak" direla diote, "bizi dugun askatasun giro" honetan. "Herritarren ordezkarien kontrako irain hauek ez dira toleragarriak" diote sozialistek.

Era berean, herriko faroletan agertu diren plastikozko panpinen gainean eta fatxadetan agertu diren Tortutari stop irakur daitekeen pankarten gainean ere badihardute Bergarako sozialistek eta diote pankarta horiek "beste garai batzuk gogorarazten" dituztela eta horrek ez diola "inori mesederik" egiten.

Azkenik, sozialistek eskatzen diote alkateari "lehenbailehen borra ditzala herrian agertu diren pintadak", eta "ken ditzala pankartak eta plastikozko panpinak", hauek "iraingarriak" direlako. Eta, eskatzen dute, "kontrol handiagoa" agintarien aldetik, "saihesteko azken osoko bilkuran gertatutakoa" eta kalean "pankarta eta pintada umiliagarriak" agertzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak