Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin orain arte izan duen lankidetza hitzarmena berritu du gaur Bergaran. Azken minutua ekimena sustatzeko berritu dute hitzarmena. Hala, Elikagaien Bankuak 116.219 euroko diru laguntza jasoko du aurtengo kudeaketa gastuei aurre egiteko.
Hondakinak prebenitzeko programari eutsi nahi dio hitzarmenak, kudeaketa iraunkorreko eredu baten bitartez. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Juan Mari Garitano Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakariak sinatu dute hitzarmena gaur Bergaran.
Zabortegira bota beharrean, Elikagaien Bankura
Sobera zituzten elikagaiak zabortegira bota beharrean, Elikagaien Bankuari doan emateko hautua egin zuten enpresen kopuruak gora egin zuen 2011n, Azken minutua ekimenaren bidez eta elikagai horiek premia handien duten pertsonen artean banatu ziren. Iaz, 15 enpresek emandako 390 tona elikagai bildu ziren, eta 26 erakunderen artean banatu zituzten. 2010. urtearekiko % 30eko igoera izan zen. Era berean, Elikagaien Bankutik elikagaiak jasotzen dituzten pertsonen kopurua ere hazi egin zen. Dagoeneko 18.000 pertsonei laguntzen die ekimenak.
Hitzarmenaren bidez, saltoki handietan eta enpresa ekoizleetan ahalik eta janari kopururik handiena biltzeko aukera izango du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Elikagaiak jaso ondoren, sailkatu eta manipulatu egiten dituzte eta, gero, elkarte onuradunen artean banatzen dute. Azken minutua Elikagaien Bankuan elikagaiak lortzeko duen bideetako bat da, baina baditu beste batzuk. 2010ean, esaterako, 1.600 tona janari inguru banatu zituen behartsuen artean.
Zabaltzen doan ekimena
Elikagaien Bankuak Bergaran duen egoitza joan den urtean jarri zuten martxan. Lehenago Azken minutua ekimenak Donostialdean eta Bidasoaldean izandako martxa egokia ikusirik, Gipuzkoan hedatzea erabaki zuten. Bergarako egoitzan 41 boluntariok lan egiten dute.
Azken minutua ekimenean astero banatzen dituzte elikagaiak zentro onuradunetan. Merkataritza zentro handietan, supermerkatuetan eta banaketa enpresetan jasotako elikagaiak dira. Elikagaien Bankuak 24 ordutan sailkatzen ditu elikagaiok, gero banatu ahal izateko. Horrez gain, Elikagaien Bankuak hilean behin biltzen ditu elikagaiak beste bide batzuetatik: industria, kanpaina berezi, dohaintza eta beste elikagai bankuetatik.
Gaurko hitzarmenaren bidez, Elikagaien bankuak bere jarduera ziurtatzen du. Kontuan izan behar da 2011. urtean jarduerak gora egin zuela eta 2012ko aurreikuspenak ere goranzkoak direla.
2009an abiatu zen
Esperientzia pilotua 2009. urtean egin zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elikagaien Bankuak eta Mondragon Unibertsitateak hartu zuten parte. Kontsumitzeko moduko elikagaiak biltzen hasi ziren Donostialdeko bi merkataritza gune handitan, salgai jartzeko zenbait arazo zituztenak (iraungitze dataren hurbiltasuna, kolpeak, etab.). Sei hilabetean, bestela hiri hondakin zaborretara joango ziren 87 tona elikagai bildu zituzten.
Emaitza haiek ikusirik, 2010. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elikagaien Bankuak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren bitartez, Foru Aldundiak diru laguntza eman zuen elikagaiak egunero biltzeko eta Elikagaien Bankuak Oiartzunen duen egoitzaren bidez banatzeko.
Azken minutua izeneko kanpaina, Donostialdeko eta Bidasoako merkataritza gune handi garrantzitsuetan hasi zen garatzen eta beste toki batzuetara zabaltzen joan zen pixkanaka; 2010. urtean 9 enpresek emandako 310 tona elikagai bildu eta 22 erakunderen bitartez gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan zeuden pertsonen artean banatu zituzten.
Bestalde, 2011. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Elikagaien Bankuaren artean lankidetza hitzarmena sinatu zen. Hitzarmen horren bidez Foru Aldundiak diru laguntza eman zuen bilketa zabaltzeko beharrezko gastuei aurre egiteko eta horrela lurralde osora zabaldu zen bilketa, Bergaran egoitza berria eraikita.