Zikloturistendako eta lasterketetarako mailot bateratua aterako du Lokatzak

Xabier Urtzelai 2012ko otsailaren 15a

Bizikleta gainean kilometroak egiten hastearekin batera aurkezpenetarako sasoia da. Hala, Lokatza Ziklismo Eskolakoek zapatuan aurkeztuko dituzte txirrindulari guztiak, 13:00etan, Irala kalean (Ariznoa parean). Aurten, gainera, babesleei dagokienez hainbat nobedade dituzte, Sumofic etxearen babesa izaten jarraitzearekin batera Zirauna eta Biciprecision Igartua ere animatu direlako. Berri pozgarriak horiek, sasoi honetarako.

Lokatzako taldeak ekipazio berria aterako du denboraldi berrira begira. Hori ere zapatuan aurkeztuko dute, eta nobedadea da zikloturistek eta lasterketetan ibiliko diren gazteek arropa berdinak eramango dituztela. Hori bai, lasterketetako ekipazioak publizitatea eramango du. Klubeko arduradunek esanda, asmoa izan da "Bergaraldeko bizikleta-zaleak irudi bat eta bakarrean batuko dituen jantziak egitea". Hala, logoa berezia du eta bergaratarrak ideia bakar baten inguruan batzen ditu: Wolframioa. Kolorea, nola ez, Bergarako mahoia izango da. Hala, Bergarako txirrindulariak maillot berean batzearekin batera klubarendako diru-iturri ere izango dira arropak, saltzen duten maillot bakoitzeko Zirauna etxeak salmenta bakoitzaren ehuneko jakin bat klubari itzuliko diolako. Arropa horiek erosi nahi dituenak Bergarako bizikleta dendetan izango ditu salgai.

Teknifikazio saioa Agorrosinen
Zapatuan, Agorrosinen, Euskadiko mendi bizikletako lehiaketetan diharduten kirolari eta teknikarientzako saio teknikoa prestatu dute federazioko ordezkariek, goiz eta arratsalde. Deialdia hiru probintzietako taldeei egin diete, eta aste barruan dagoeneko 25 lagunek izena emana zuten. Hala, gai ezberdinen gaineko berbaldiak egingo dituzte goizean, eta arratsaldean bizikleta gainean behar den teknika da landuko duten gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak