Eguen Gizenean hasiko dira Aratusteak Bergaran

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 15a

Nobedadeak izango dira Aratusteetan aurten: hain zuzen, Xamatz dantza taldeak sorgin-dantza eskainiko du eguenean, Hartzaren ibilaldia berreskuratuko dute baita, eta Aratusteetan ohiko diren txarri-belarri eta txarrankak eskainiko dituzte hainbat tabernatan biharko pintxo-potean.

Eguen Gizen eguna indartu nahi izan dute Kulturako arduradunek, eta, ohitura zaharrei eutsiz, Xamatzek sorgin-dantza eskainiko du eguenean, 19:00etan. Bergarako Txistulari Bandaren laguntzarekin, Xamatzeko kideek geldialdiak egingo dituzte San Martin plazan, Barrenkalean, Simon Arrietan, Fraiskozurin eta Irala kalean.

Esan bezala, Hartza ere izango da protagonista. Bergarako gizon dotoreak sokatik helduta ekarriko du eta Hartza haurren atzetik ibiliko da lasterka herriko kaleetan. Garai batean Eguen Gizenak zuen garrantzia berreskuratu nahi izan dute. Izan ere, Bergaran Aratusteak Eguen Gizenarekin hasten ziren aspaldi.

Udalak mozorrotzeko gonbidapena egin nahi die tabernari, komertzio eta, oro har, herritar guztiei. Zapatuan, egun osoan, mozorrorik onenari eta giro hoberena jartzen duen talde edo banakakoari saria emango dio Bedelkar dendarien elkarteak: 260 euro Bergarako taberna eta jatetxeetan gastatzeko.

Ikastetxeetakoak ere kalera

Bestalde, ikastetxeetan ere, ohikoa den moduan, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak aterako dira kalera mozorrotuta. Mariaren Lagundikoak eta Aranzadi ikastolakoak, egubakoitzean, arratsaldez. San Martin ikastetxekoak, martitzenean, arratsaldez.

Hauxe duzue Aratusteetako egitaraua:

Egubakoitza

Goizean zehar Zuhaitz feria San Martin plazan

  • 19:00: Xabi Solano eta Zigor Dz (Esne Beltza) gaztetxean.Antolatzailea: Trikitixa taldea. 
  • 22:30: Udal Musika Banda eta Orkestra Sinfonikoaren kontzertua Bergarako Udal Pilotalekuan. Sarrera: 7€. Sarreren salmenta: Aldez aurretik Kultura Etxean eta Lazkano oinetako dendan. 

Zapatua

  • 16:00 eta 18.30: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Zazpikoloroa emanaldia Bergarako Udal pilotalekuan. Sarrera: 5€. Zapatuan bertan Udal Pilotalekuan jarriko dituzte sarrerak salgai
  • 18:30: Bonba japoniarrak San Martin Agirre plazan.
  • Ondoren Bergarako erraldoi, kiliki eta buruhaundien kalejira, Elgoibarko dultzaineroen laguntzarekin. Ibilbidea: San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Telesforo Aranzadi, Herri Lagunak, Irala, Barrenkale eta San Martin plaza. 
  • 18:30-21:30: DJ emanaldia eta mozorro jaialdia Zabalotegi aretoan 
  • 20:30: Sei-Gurpil txarangaren kalejira Bergarako kaleetan, eta ondoren denok batera azokara mozorro-afarira 
  • 21:30: Mozorro afaria azokan Sei-Gurpil txarangaren animazioarekin. Afal ondoren txarangarekin dantzaldia azokan.
  • 22:30: Erromera Imuntzo eta Beloki taldearekin San Martin Agirre plazan.  
  • 24:00: Sei-Gurpil txarangarekin kalejira San Martin plazara.
  • 24:00: Magnum disko jartzailea gaztetxean Aratuste gau berezia ospatzeko.
  • 24:30: Erromeria Imuntzo eta Beloki taldearekin San Martin Agirre plazan.

Domeka

  • 17:00: Zirtaka antzerki taldearen Maddi Pirata ikuskizuna udal pilotalekuan. Etorri pirataz mozorroturik! Sarrera: 3€. 

Martitzena

  • 16:15-19:15: Karaoketa eta DJ festa San Martin plazan.
  • 16:30: Musika Eskolako gazteen bandaren kalejira. Ibilbidea: Musika Eskola, San Pedro kalea, Mizpirualde egoitza, Ariznoa plaza, Artekale, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri plaza, Herri Lagunak, Domingo Irala kalea, Simon Arrieta plaza, Barrenkale, San Martin plaza, Musika Eskola. 
  • 19:00: Debagoieneko X. Jardunaldi Gastronomikoak. Pintxo dastaketa Munibe Plazan.
  • 19:30: Les enfants kale animazioa San Martin Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak