Amaia Velez de Mendizabal: "Kalean lan egitea da autobus gidaria izatearen gauzarik onena"

Txomin Madina Milikua 2012ko otsailaren 13a

Kasualitatez heldu zen egungo bere ogibidera 83ko uztako bergarar hau; herriko herribuseko gidarietako bat da. Azken hilabeteotan badu beste ardura bat: alabatxoa.

Noiztik eta nolatan autobus gidari?
Bost urte egingo ditut lan honetan. Nolatan hasi nintzen? Langabezian geratu nintzen, eta autoko gidabaimena ateratzen hasi nintzen... Horren segidan atera nituen autobusekoa eta kamioikoa. Halabeharrez hasi nintzen, zerbait ikastearren, eta gustatu egin zitzaidan.

Gaztea eta emakumea; ez da autobus gidari baten ohiko irudia...
Ez dut uste horrela denik... Orain emakume asko daude, esaterako,  Pesan autobus gidariak direnak. Egia da hasi nintzenean neu nintzela herri barruko autobus zerbitzuko lehenengo neska eta hasi nintzenean umemokoa nintzela; eta hasieran bai, harritzen zuen. Baina nik neuk ez dut ezer berezirik nabaritu.

Zer da zure lanbidearen onena?
Kalean lan egiten dudala, ez nagoela tailer baten sartuta denbora osoan. Jendearekin harremana izateko aukera ere badut, eta egia da Bergaran gidatzen dudala, ez dudala urruti joan beharrik; alde horretatik, ez da estresagaria.

Beti ibilbide bera egiten duzu?
Bi linea daude; aste baten bat egiten dugu eta hurrengoan bestea, baina biak antzerakoak dira. Aspergarria? Niretzako ez; ez da gidatzea bakarrik, askotariko jendea igotzen da. Gustatzen zait nire lana, baina loteria tokatuz gero, hobeto!

Eta zer moduzko herria da Bergara autobusa gidatzeko?
Herria bera, ona. Kontua da auto asko egoten direla gaizki aparkatuta: leku guztietara joateko autoa hartzen dugu, eta gero ez da aparkatzeko lekurik egoten.Baina ez da hainbesterako, ea mania hartu behar didaten! Batzuetan haserretzen gara, eta bestetan ez, baina tira...

Aipatu duzu jendearekin duzun hartu-emana dela zure lanaren alderik onenetakoa; nolakoa da hartu-eman hori?
Azkenean, tratu familiar bihurtzen da. Erabiltzaile gehienak, %80-%90, eguneroko erabiltzaileak dira, eta, azkenean, eurei buruz dena dakit: zenbat ume dituzten, zeinekin dauden ezkonduta, non bizi diren... Batez ere, adineko jendeak erabiltzen du herri barruko autobusa, baina, herribusa jarri denetik, erabiltzaile mota zabaltzen joan da; umeak eta Boluko jendea, esaterako.

Urtea hastearekin herribusa estreinatu zenuten. Aldaketa handia izan da?
Oso ondo dago. Batetik, jende gehiago ari da animatzen autobusa erabiltzera. Bestetik, hainbat onura ere baditu: oso zarata txikia ateratzen du, eta, hain da isila, semaforoetan badirudi gelditu egiten dela! Gainera, gasolinaren partez gasa erabiltzen denez, diru aldetik gastua erdia da, eta botatzen dituen partikulak kutsatuta ez daudenez, apenas kutsatzen du. Gidatzeko orduan ere erosoak dira: martxa automatikoa du, berogailua, estua da, eta horrek kale artean ibiltzea errazten du. Jendeak komentatzen du orain zerbitzua hobea dela.

Autobus gidaria bai, baina ama ere bazara duela ez askotik. Nola uztartzen dituzu biak?
Gu ondo konpondu gara, senarrak jardunaldi erdia hartu du-eta. Eskerrak horri: hark egiten ditu etxeko lanak eta hark zaintzen du umea. Pena ematen du umea uzteak, baina, behintzat, aitarekin. Gure kasua ohikoaren kontrakoa da; normalean, aita da lanean egoten dena eta ama etxean. Baina pozik gaude, sistemak ondo funtzionatzen du. Egia da, baina, goizeko txandan nagoenean gogorragoa egiten zaidala; ostirala heldu orduko, leher eginda egoten naiz.

Eta bolante aurrean edo umearekin ez bada, zertan aurkituko zaitugu?
Asko gustatzen zait pastelak eta horrelakoak egitea. Aspaldi ez dut egin, baina tira.... Joan den astean San Blas opila egiteko egon nintzen, baina alde guztietakoa jan nuenez... Asko erlaxatzen nau, ordubeterako bada ere! Zertan naizen bereziki ona? Hori ez dizut nik esan behar! Eskiatzea ere oso gustuko dut; dena den, haurdunaldiarekin eta erditzearekin, bi urte daramatzat eskiatu gabe. Ea aurten edo datorren urtean ihesalditxoren bat egiten dugun...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak