'21 asko dira', Mikel Askasibar presoren aldeko plataforma sortu dute

Edu Mendibil 2012ko ots. 10a, 12:54

Atzo, eguena, 21 urte kartzelan bete zituen Mikel Askasibar bergararrak. '21 asko dira' lelopean haren aldeko ekimenak antolatu dituzte. Gaur, egubakoitza, elkarretaratzea egingo dute Artatse elkartearen ondoan, 20:00etan hasita, eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete. 

Mikel Askasibar Herrerako espetxean dago gaur eta dagoeneko jasotako zigorraren hiru laurdenak beteta ditu. Hori dela eta, aurten kalera atera beharko luke 3/4 legea errespetatzen badiote, eta Parot dotrina ezartzen ez badiote behinik behin. Horixe azpimarratu zuten atzo 21 asko dira plataformako kideek. Eider Valentin Aska-ren ilobak eta Jesus Galdos koadrilako lagunak hartu zuten hitza atzoko aurkezpenean. "Atxilo aldiko bost egunetako inkomunikazioa egoera larrian pasa ondoren, zortzi hilabetez Carabanchaleko ospitalean ingresatua egon zen. Ordutik hona Euskal Herritik ehunka kilometrotara dauden espetxeetan dispertsatua izan dute: Alcala, Valdemoro, Ocaña eta Herrera de la Mancha, besteak beste", adierazi zuten.

40 minutuko bisita bat egiteko senide eta lagunek astero 1.280 kilometro egin behar izaten dituztela ere salatu zuten, "Gainera, bisitan joaten garen bakoitzean katxeoak egiten dizkigute eta aurrez-aurrekoak aste barruan jartzen dizkigute, lan kontuengatik bertaratzea zailagoa egiteko. Aska-k kalean libre egon beharko luke, Bergarako eta Euskal Herriko beste hainbat preso eta iheslari bezala".

Otsailaren 25ean jaialdia Udal Pilotalekuan
Egunotan kanpainako kartelak ikusi ahal izan ditugu herriko toki askotan eta Aska-ren kaleratzea eskatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Otsailaren 25erako jaialdia iragarri dute Udal Pilotalekuan; "Pilotalekua bete nahi dugu 'Aska'-ren kaleratzea eskatzeko eta 21 urte hauetan ondoan dituen senide eta lagunak babesteko"

Elkarretaratzea gaur
Gaur, egubakoitza, Mikel Askasibarren aldeko elkarretaratzea egingo dute Artatse elkartearen ondoan, 20:00etan hasita, eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete. Besteak beste, kartzelan egondako bergararrek hartuko dute parte. Era berean, Mikel Olabarriak galiziar erara prestatutako olagarroa dastatzeko aukera izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak