Bizikleta Astea: hainbat ekitaldi martxoan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko otsailaren 10a

Bergarako Udalak, Lokatzak eta Basque Adventurek antolatu dute Bizikleta Astea. Ekimenari izen hori jarri baldin badiote ere, hiru astean zehar egongo da bizikleta munduaz gozatzeko aukera. Martxoaren 6tik 25era ospatuko da eta hitzaldiak eta ikastaroak egongo dira, besteak beste.

Lehenengo ikastaroan, bizikleta konponketa basikoa landuko dute. Bizikletan nor bere kabuz ibiltzeko gai izateko gutxieneko ezagutzak emango dituzte.

Bigarrena, berriz, martxoaren 13tik 15era bitartean izango da eta bertan landuko dute GPSaren erabilera ordenagailuan. Hori erabiltzen jakiteak asko laguntzen du ziklistak ezagutzen ez dituen tokietan lasai ibiltzeko.

Bada, edozein herritarri daude zuzenduta bi ikastaro horiek eta izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroak Irizar jauregian izango dira, 19:00etatik 21:00etara, hain zuzen ere.

Hitzaldiak

Hirugarren astean, bizikleta bidaiei buruzko hainbat hitzaldi egingo dituzte. Martxoaren 20an, Serbia eta Montenegro 2008ri buruz egingo dute berba Edu Morenok eta Iker Osak; 21ean, Frankfurt-Varsovia 2011 izango
dute hizpide Estebe Olartuak eta Aitor Gabilondok; 22an, 100Milla2007-2011 izeneko hitzaldia egingo dute; eta azkena 23an izango da, Ulambaatar-etik Beijing-era 2009, eta Edu Morenok, Ander Garitanok eta Iker Osak egingo  dute. Edonor joan daiteke horietara eta Irizar jauregian izango dira, 19:00etan.

Gorlako igoerarekin, bukaera

Martxoaren 24an, zapatuan, haurrendako ekintzak egingo dituzte eta hurrengo egunean Gorlako igoera jokatuko da afzionatu mailakoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak