'Tapoi fest' musikaldi berria egingo dute aste bukaeran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 10a

Txapa Irratiko Jar itzazu tapoiak irratsaioko kideek antolatuta, Tapoi fest musikaldi berria izango da aste bukaeran gaztetxean. Gaur hasi eta domeka goizaldera arte hardcore doinuak nagusituko dira gaztetxean. Izan ere, Jar itzazu tapoiak irratsaioa hardcore doinuetan oinarritzen da.

Eurek dioten moduan, "zarata aste bukaera" gaur bertan estreinatuko dute. Kontzertua 22:30ean hasiko da, 3 euroren truke. Humilitate, Vitesse, Diskoiraa eta Yaw taldeak igoko dira taula gainera. Humilitate Zarauzko hardcore-thrash talde gogorra da, bi ahotsetan oinarritzen diren kantu azkar ilunak jorratzen dituena. Diskoiraak finlandiar hardcore punka jorratzen du, garrasiz beteriko pilula intentsu motz eta sentimenduz beteak. Vitesse taldea Elfo Negroko errautsetatik eratutako hardcore talde berria da. Hardcoretik haratago, rock zertzeladekin aberasten dute euren musika. Yaw, ostera, metala eta hardcorea nahasten dituen Donostiko talde gaztea da.
Gaua borobiltzeko, DJ Zarata disko-jartzaileak jarriko du musika goizaldera arte.

Zapatuan bi emanaldi

Zapatuan, 18:00etan, doako kontzertua eskainiko dute Bergarako Fly Shit eta Zaragozako Necesidad de Luchar taldeek. Fly Shit taldea 1996an sortu zuten, Bergaran. Hiru lan argitaratu dituzte urteoetan: Fly Shit 2001ean, Bizitza.. baina nola bizi? 2006an eta Arnas bakoitzeko ernetzen 2010ean. Musikaldian parte hartuko duen etxeko talde bakarra izango da Fly Shit. Disko berriko abestiak eta betikoak eskainiko dituzte. Entzuleek, duda barik, gustura ikusiko dituzte bergararrak taula gainean.
Gauean beste kontzertu bat egingo dute Alonsotegiko JAN, Castelloko Garganboig, Donostiako Adrenalized, Lasarteko Keep Digging eta DJ 90seg taldeek. Kontzertua 22:30ean hasiko da, 5 euroren truke.
Hardcorea gustuko dutenendako musikaldi aparta antolatu dute Txapa Irratiko lagunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak