Ekhiñe Egiguren donostiarrak irabazi du Amodiozko Gutunen Lehiaketako lehenengo saria

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 9a

Bergarako Jardun euskara elkateak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketak 20. edizioa egin du aurten. 20 edizio oparo, duda barik. Euskaraz idazteko zaletasuna han eta hemen sustatzeko balio izan du lehiaketak. Literatura eta kultura munduko pertsona ezagunek osatu dute epaimahaia: Andoni Tolosa kantariak, Oihane Perea bertsolariak, Pello Añorga idazleak eta Idoia Galan 2011ko irabazleak osatu dute aurten. Bada, asteon batzartu den epaimahaiak hartu du erabakia: Donostiako Ekhiñe Egigurenen gutuna da irabazlea. 500 euroko saria jasoko du donostiarrak.

Bergarako Jardun euskara elkateak antolatutako Amodiozko Gutunen Lehiaketak 20. edizioa egin du aurten. 20 edizio oparo, duda barik. Euskaraz idazteko zaletasuna han eta hemen sustatzeko balio izan du lehiaketak. Horren adibide da aurten jaso dituzten gutunen jatorria. Euskal Herri osotik bidali dituzte gutunak, baina baita atzerritik ere: AEBetatik lau gutun jaso dituzte, adibidez.

Dotore idatzitako gutuna

Egigurenek idatzitako gutunari eman diote saria, "plastizitate handiko hizkera, kreatiboa eta inpresionista" erabili duelako."Dotore idatzia, tonu eta erritmo egokiarekin eta estereotipoetan jauzi gabe", gaineratu du epaimahaiak. Egigurenek istorio bitxia du; orain dela 18 urte Amodiozko Gutunen Lehiaketako lehenengo saria irabazi zuen, 15 urterekin. Donostiarra pozik dago. .
Bigarren saria Ivan Poyato barakaldarrak jaso du, 250 euro.

Bergarar onena: Ana Moñux

Bergarar onenaren saria Ana Moñux 24 urteko gazteak eroan du. Ez da lehenengo aldia lehiaketan parte hartzen duena: "Duela bost urte aurkeztu nintzen lehiaketara eta hau bigarren aldia da", azaldu du. Ez zuen espero irabaztea, eta gainera, herritik kanpo jaso du berria, Irlandan.
Desioaren irrazionaltasunaz dihardu Moñuxen lanak: "Norbait ezagutu gabe piztu diezazkizukeen sentimenduez", dio. Jokoan sartzen dira norberak besteekiko burutzen dituen proiekzioak, eta baita ere, esan ezin diren baina, hala ere badauden sentsazioak. "Egiazko konfesio batek sentiarazten digun arintasuna helarazi nahi izan dut bukaeran; nahiz eta harremanetarako arau inplizituak puskatu izan", dio. "Ezezagun baten aurrean, maskara kentzeko saiakera bat ere bada. Paradoxikoa dirudien arren, agian anonimatuak jarduna erraztu dezake", gaineratu du Moñuxek.

Epaimahai gaztea

Herriko lau gaztek osatu dute epaimahai gaztea: Ipintza institutuko Maitane Muxikak eta Laura Axpek; eta Aranzadi Ikastolako Maialen Maraurik eta Irantzu Casanellasek. 26 urtetik beherako idazleen gutunak irakurri ondoren gutun onena saritu dute. Iruñeko Irati Majuelo izan da irabazlea –150 euro.

Euskaraz idazteko zaletasuna

Amodiozko Gutunen Lehiaketaren helburua euskaraz idaztera bultzatzea da, eta baita teknologia berriak direla-eta geroz eta gutxiago idazten diren gutunak idaztera bultzatzea. 1993an egin zuen Jardunek lehenengo Amodiozko lehiaketa. Arrazoiak euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzea eta Berrigara aldizkariaren 100. zenbakia ospatzea izan ziren, besteak beste.
20 urte hauetan 2.334 gutun jaso dituzte Jardunen. Aurten emakumezkoek idatzi dute gutun gehien (%74), eta adinaren batez bestekoa 26 urte izan da.

Ekhiñe Egigureni elkarrizketa

33 urteko donostiarra da Ekhiñe Egiguren. Pozik dago jaso duen sariarekin; izan ere, ez zuen espero irabazlea izatea.
Zorionak! Ez da lehenengo aldia lehiaketa irabazten duzuna?
Orain dela 18 urte Bergarako lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin nuen.
Zertaz idatzi duzu?
Emakume batek beste bati idazte dion gutuna da. Stockholmen kokatuta dago, eta elurrak gogora ekartzen dizkion oroitzapenak dira.
Sorpresa izan da saria eskuratzea?
Maila handia egongo zela uste nuen, eta ez nuen espero lehiaketa irabaztea.

Ana Moñuxi elkarrizketa

Irlandan dagoela jakin du Ana Moñuxek bergarar onenaren saria jaso duela. Bigarren aldiz aurkeztu du gutuna lehiaketara.
Zelan animatu zinen?
Idazteko joera handia dut, eta maitasun gutunak ez izan arren, ohitura izateak erraztu egin zidan lehiaketan parte hartzeko orduan.
Zertan oinarritu zara?
Denetik hartu dut. Nire barruan bizitakoa, besteengan behatutakoa, irudikatutako zati handi bat…
Espero zenuen saria lortzea?
Ez. Denbora bat pasa da idatzi nuenetik, eta, entregatu ostean, ahaztu egin nuen. Gaur arte!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak