"Herri eraikuntzari ekiteko" eskatu dio Bergarako EAJk Bilduri

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 9a

Prentsa ohar bidez, Bergarako jeltzaleen udal taldeko bozeramaile Aintzane Oiarbidek honakoa azpimarratu du, Gipuzkoako azpiegitura handien harira: "EAJk herri hau eraiki du, ezker abertzalea, ordea, dena gelditzen saiatzen ari da. Aurreko asteko udalbatzarrean Gipuzkoako azpiegitura handien aurkako mozioa horren adibide da".

Aurreko asteleheneko udalbatzarrean Gipuzkoako azpiegitura handien aurka udal gobernuak onartutako mozioa "azkeneko 30 urteetan eraikitako azpiegitura guztien aurka doa", Aintzane Oiarbideren hitzetan.

EAJk igorritako ohar batean, bere sorpresa azaldu du Oiarbidek: "Ezker abertzaleak mozio hau aurkeztu du Bergaran zein Gipuzkoako beste hainbat herritan; Azpiegitura handien aurka egoteak zera suposatzen du: ur saneamenduaren zein urtegien aurka egotea, eraikitako ospitaleen aurka, eta baita portuen, industria guneen edo errepideen hobekuntzaren aurka ere; hau da, Euskadi Europako herri aurreratuenen artean egotea posible egin duten azpiegituren aurka".

Euskaldunon ongizatea

Jeltzaleen bozeramailearen iritziz, "azpiegitura horiei guztiei esker, euskaldunon ongizatea inguruko beste Erkidegoena baino askoz hobea da eta baita industria arloan izandako garapena eta lortutako sendotasuna ere. Azpiegitura hauei esker, Gipuzkoa, Europar Batasuneko beste hainbat herri baino gehiago hazi da". 

Aintzane Oiarbidek EAJren lana goraipatu eta ezker abertzalea kritikatu du: "EAJren gobernuek herri hau eraiki dute, ezker abertzalea, ordea, dena gelditzen saiatzen ari da".

Hori dela eta, Bilduri zera eskatu dio: "guztia gelditzeari uzteko eta Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko. Hau da, goberna dezala eta ez dezala bere gaitasun eza izkutatu Gobernutik oposizioa eginez".

"EAJk arduraz lan egingo du"

Bitartean, Oiarbidek azaldu duenez, "EAJk arduraz lan egingo du erakunde guztietan eta, bereziki, udaletan, bai gobernuan zein oposizioan".

Zentzu honetan horrela jarraitu du Oiarbidek: "EAJ ez dela kuzkurtuko Bergarako ezker abertzalearen manipulazio eta irainen aurrean. Guk, orain arte bezala, oposizioa egiten jarraituko dugu udal arduradunen arduragabekeria eta gobernu eza  kontrolatu eta salatzeko. Bergararen alde lan egiteko alboan izan gaituzte: kultura, ongizatea, ekonomia eta industria sustapenean, euskararen sustapenean gure proposamen eta ekarpenak egin ditugu eta horretan jarraituko dugu baina Bergarari kalte egingo dioten ekimenen aurka azaldu gara erabat".

"AP-1 beharrezkoa"

Bukatzeko zenbait azpiegitura handien garrantzia azpimarratu du Aintzane Oiarbidek: "AP-1 autopista azpiegitura handia da, baina beharrezkoa gure bailarako ikasle eta langileak segurtasun baldintza onenetan mugitzeko, ospitaletara joan behar duten gaixoei bidea errazteko, eta nola ez, gure enpresa eta kooperatiben konpetitibitatea hobetzeko. Azpiegitura handi hauen artean Beasain-Bergara autobidea eta bereziki Deskargako tunela eraikitzea bultzatu du EAJk eta behar beharrezkoa da Debagoieneko biztanleontzat. EAJk oso gertutik jarraituko du obra hau lehenbaiehen, ipinitako epeetan burutu dadin". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak