EAJri "oposizio destruktiboa" egitea leporatu dio ezker abertzaleak

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 8a

Aurreko asteleheneko osoko bilkuran EAJren kontra lagun batzuek erakutsitako pankartek –'EAJ Diruzaliak', 'EH ez dago salgai' eta 'EAJ Txikitzaile' zioten– ika mika eragin du Bilduko zinegotzien eta jeltzaleen artean. Pankartok baimentzearren EAJk Jesus Elortza alkatearen dimisioa eskatu ondoren, Bergarako Ezker Abertzalearen erantzuna etorri da. EAJ oposizio destruktiboa egiten ari dela diote Ezker Abertzalekoek.

EAJk Jesus Elortza alkatearen jarrera gogor kritikatu zuen aurreko astean. Orain, Bergarako Ezker Abertzalearen erantzuna etorri da.

Komunikabideei bidalitako ohar baten hauxe diote: "EAJ oposizio destruktiboa egiten ari da. Bergaran eta Euskal Herrian bizi dugun krisi egoera larriak guztion arteko elkarlana eskatzen du, baina EAJren aldetik ez dugu horrelako jarrerarik ikusten, gobernuaren iniziatibekiko boikota eta Udaleko giroa gaiztotzeko ahalegin betean ikusten dugu egunak joan eta egunak etorri. Abian den konponbide prozesuak bergarar guztien eta haien ordezkari  politikoen konpromisoa eskatzen du. Zoritxarrez, Bergarako EAJko udal taldeak ez du gatazkaren ondorioak konpontzeko inongo konpromisorik agertzen. Horren erakusgarri da euskal preso politikoen alde konpromisoak hartzeko borondaterik ez dutela erakutsi: Bilboko mobilizaziora joateari ez; azken egubakoitzetako kontzentrazioetan ez dira inoiz egon; udaletxeko balkoian presoen aldeko ikurra jartzeari ez...".

Alkateari babesa

Era berean, Elortza alkateari egindako dimisio eskaria oso larritzat jotzen dute: "Ekimen baketsu bat abian den konponbide prozesua erasotzeko erabili du EAJk. Alkateari gure babes osoa eskaini nahi diogu, eta gazteek beraien iritziak emateko duten eskubidea aldarrikatu. Isilik eta zinegotziengandik oso urruti zeuden aulki batzuetatik egin zuten aldarrikapena. Aldarrikapenekin ados egon edo ez, errespetu osoz eta modu baketsuan egindako aldarrikapena iruditzen zaigu. Gazte hauek eta herritar guztiek beraien iritziak emateko eskubide guztia dute, adierazpen askatasuna errespetatu beharra dago".

Elkarlana

Oposizio eraikitzailea egiteko eta konponbide prozesuan inplikatzeko eskatu dio ezker abertzaleak EAJri: "Prozesuak EAJren babesa behar du, baita Bergarako jeltzaleena ere. Egoera ekonomikoa delikatua da eta denon inplikazioa behar da".

Ezker abertzaleak bere konpromiso osoa azaldu nahi du "abian den konponbide prozesua bururaino eramateko".

Alderdi politiko guzti-guztiekin hitz egin eta konponbide prozesua indartuko duten adostasunetara heltzeko gertu azaldu da Bergarako Ezker Abertzalea.

Era berean, Euskal Herriarentzat independentzia lortzeko bidea aldarrikatzen dute; "arestian esan bezala, indar metaketa (helburu honekin bat egiten duten guztiekin elkarlanean) eta parametro demokratikoetan soilik oinarritzen den konfrontazioan (inolako bortxazko adierazpenik gabe) oinarritzen dugu. Kontestu politiko honetan gerta litekeen edonolako bortxazko ekintzaren aurrean gure desadostasuna adieraziko genuke eta krisi egoera larri honetatik ateratzeko eragile politiko, sindikal eta sozioekonomiko guztiekin (langileak, enpresariak, ikastetxeak, garapen agentziak) elkarlanean aritzeko. Bergaran enplegua eta aberastasuna sortu eta banatzeko politikak aurrera eramateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak