Nubi eta Iesbaa elkarteak desagertu ondoren, Debagoienean, gaur egun, Bubisher da Sahararen alde lanean jarraitzen duen bakarra. Esandako moduan, Gabonen atarian, abenduaren 20an ekin zioten bilketari eta hilabete batez jardun dute.
Elgeta, Antzuola eta Soraluze herrietara ere jo dute eta hauek izan dira herriz herri batutakoa: Elgetan 25 kilo jaso dituztela adierazi digute Bubisherreko arduradunek; Soraluzen 212; Antzuolan 560 kilo eta, azkenik, Bergaran, 3.731 kilo izan dira jasotakoak. Gabonen ostean eskoletan jarri zuten kanpaina abian. Joan den astean Oxirondoko azokako sotora, garai batean Super BM supermerkatua egon zen lokalera eraman zuten material guztia eta gaur, astelehena, Donostiara bidaliko dute.
Jendearen erantzun ona
Iazko Gabonetako janari bilketa udaberrira arte atzeratu zuten eta hain denbora laburrean bi bilketa egiteagatik zertxobait beldur ziren Bubisherrekoak. Bestalde, krisiarekin-eta gobernuz kanpoko erakundeekiko konpromisoa jaisten hasi dela zabaldu da han eta hemen.
Baina Bubisherrekoak pozik daude azken kanpaina honetan lortutakoarekin. Bibi Andueza taldeko ordezkariak zera esan digu: "Hasieran pentsatutakoa baino gehiago batu dugu. Izan ere, ekainean bukatu genuen aurreko kanpaina eta tarte gutxi egon da bataren eta bestearen artean... Baina zorionez aurreko urteotako kopuruengandik hurbil ibili gara, bost tona biltzetik gertu hain zuzen".
Esan beharrik ez dago eskerrak eman nahi dizkietela laguntza eman duten guztiei, bereziki Soraluze, Elgeta, Antzuola eta Bergarako udalei, ikastetxeei eta bilketan kolaboratu duten denda eta komertzioei. DHL garraio enpresak egindako lana ere azpimarratu dute, izan ere beraiek arduratuko direlako materiala gaur Donostiara kamioetan bidaltzeaz.
Euskal karabana, gertu
Euskal Herrian batutako material guztia batu eta Sahararen aldeko euskal karabana Alacant aldera aterako datozen egunotan. Handik itsasontziz bideratuko dute laguntza Oranera eta handik Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen eremuetara. Frente Polisarioaren eta Aljeriako ejerzitoaren babesa izango du karabana solidarioak.
20 bat lagun Bubisherren
Sahararen subiranotasunaren aldeko Bubisher elkartea 2005ean sortu zuten Bergaran. 20 bat lagun ari dira elkartearen bueltan gaur. Elkartea sortu aurretik ere herritar talde batek Sahararen aldeko janari bilketa egiten zuen Gabonen inguruan. Debagoieneko beste zenbait herritan ere antzeko kanpainak egiten zituzten. Gaur, esan bezala, Bubisherrek bakarrik eusten dio sahararrekiko lotura estuari. Hurrengo urtean ere, ziur egon, ez dute hutsik egingo.