Patxi Garatek bere lanekin Aroztegiko aretoan sortu duen zeinu eta sinboloen mundura sartu aurretik, argibide batzuk eman nahi izan dizkio ikusleari. Hala, Sigfried Gedion, Juan Eduardo Cirlot eta Dan Sperber-en hitzek ematen diote ikusleari ongi-etorria erakusketan sartu aurretik. Sinboloek historian izan duten garrantzia azaltzen da guztien berbetan. Hain zuzen, horixe islatu nahi izan du Garatek berak ere Keinua eta letraren artean izeneko proiektuan. "Egungo gizartean protagonismoa galdu dute, baina izan duten garrantzia aldarrikatu nahi nuen lan honekin".
Sinpletasuna eta abstrakzioa
Ukitu abstraktuko lanak dira Garatek aurkeztutakoak, sinpleak. "Sinpletasuna asko gustatzen zait; marra batekin esan badezakezu nahi duzuna, zergatik erabili lau edo sei?".
Bi material erabiltzen ditu Garatek erakusketa honetan: papera eta oihala. "Urtebete pasa eskatu nuen aretoa, lanak erakusteko oso egokia irudi zitzaidan. Zutabeek bitan banatzen dute gela; aproposa bi materialez osatutako proiektu honentzat".
Izengabeko lanez osatutako proiektua da berea; hala, ikuslearen esperientziaren araberakoa da pertzepzioa.
Erakusketa ikusgai izango da otsailaren 19a bitartean.