Goizaldeko 4:30ean, herritar batek abisu eman zien ertzainei, notaritzan lapurretan zihardutela-eta. Ertzainak Ibargarai kalean dagoen notaritzara gerturatu zirenean, emakumezko bat ikusi zuten kanpoaldean, eta beste hiru gizonezko, emakumezko batek gidatzen zuen auto batean sartzen. Kanpoan zegoen emakumezkoa atxilotu egin zuten eta ihesean zihoan autoaren atzetik joan ziren, AP-1 autobidetik Eibarrerantz.
Ihesean zihoan autoak Bilborako bidea hartu zuen Eibarren, A-8tik, baina Areitioko tunelean, Bizkairekin mugan, Zaldibarren, autoa gelditu eta korrika egin zuten ihes autoan zihoazen lau gazteak. Elurretan utzitako aztarnak jarraitu eta harrapatu ahal izan zituzten ertzainek.
Lapurretan egitea leporatu die Ertzaintzak bost atxilotuei.
Herrizaingo sailak aditzera eman duenez, leihoko kristala apurtuta eta barrualdean dena nahas-mahas eginda aurkitu zuten ertzainek notaritzan. Lapurrak kutxa gotorra zabaltzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu. Notaritzakoek konprobatu ahal izan zuten 120 euro atzeman zituztela lapurrek.