Erakusketaren ildo nagusia zeinuak eta sinboloak izango dira. Bi margolan mota egin ditu Garatek: "Paperezko margolanak izango dira batzuk eta oihal gaineko olioak besteak", azaldu du Garatek. Paperezko lanetarako grabatu kalkografikoak egin ditu eta behin horiek lortuta eskuz margotu ditu tintarekin.
Helburuak ere ezberdinak izan direla azaldu du Garatek: "Paperezko margolanetan ahalegindu naiz zeinu bakoitzaren pertsonalitatean sakontzen". Olioetan, ostera, zeinuak beste erlazio batzuekin nahastu ditu: "Esperimentatu egin dut, kasu batzuetan irudi geometrikoekin nahastu ditut zeinuak... helburua hizkuntza kodifikatu bat bilatzea izan da", azaldu du Garatek. Zeinu eta sinboloen elkartzearekin jokatu du Garatek, eta modu horretan beste mezu bat helarazi gura izan du.
Margolanen tamaina izango da: oliozkoak: 1,5 metro x 1 metro ingurukoak; eta, paperezkoak 70 zentimetro x 50 zentimetro ingurukoak.
Patxi Garate margolaria
Patxi Garate Magu 1959an jaio zen Otxandion. 1991n hasi zituen margo ikasketak Sacle ikasketa zentroan, Bartzelonan. Gerora, Gasteizko Arte Ofizioen eskolan, Donostiako CCC eskolan, Artelekun eta Debako Arte eskolan egin ditu ikastaroak.
Hainbat erakusketa egin izan ditu urte guzti hauetan, bai bakarka eta baita taldeka ere. Bergaran, lehenengo aldiz jarriko du erakusketa. Gainera, Aroztegiko urteko lehenengo erakusketa artistikoa izango da Garatena.
Las Rozas grabatu lehiaketa
2011. urtean Madrileko Jose Caballero de las Rozas grabatu lehiaketan Garateren lanak aukeratu zituzten erakusketa osatzeko. Albiste "oso ona" izan zela azaldu du Garatek.
Gaur izango da erakusketaren irekiera ofiziala (18:00etan) eta berezia izango dela azaldu du, "giro soziala" izango dutela.