Osoko bilkuran EAJren aurkako irainengatik alkatearen jarrera salatu dute

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 3a

Asteleheneko osoko bilkuran EAJren kontrako irainak baimentzearren Jesus Elortza alkatearen jarrera salatu dute. "Ez du egoerak eskatzen duen bezala jokatu eta, beraz, ez luke karguan jarraitu behar horrelako gertakariak onartzen baditu" adierazi du Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak.

Debagoieneko AHT Gelditu Elkarlana, Angiozarko Herri Batzarra eta Bergarako Gazte Asanbladaren izenean aurkeztutako mozioa eztabaidatzen ari zirela etorri zen polemika. Gipuzkoako hainbat azpiegituratako lanak geldiaraztea eskatzen zuen mozioak: AHT, erraustegia, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiko aireportuaren handitzea, Zubietako makro-espetxea, Mutrikuko portua, autobideak eta goi-tentsio lineak, besteak beste.

Udal gobernuaren botoekin onartu zuten mozioa. PSE-EE eta EAJ mozioaren kontra azaldu ziren. Aintzane Oiarbidek zera adierazi zuen boto esplikazioan: "Ulertzen dugu angiozartarrak haserre egotea AHTarekin. AHTren aldekoak gara, baina ez dugu sekula defendatu baldintza horietan igarotzea Angiozartik sarraskia delako. Angiozar gutxien eragiten zuen proiektuaren alde egin genuen eta horrekin lotuta Lamiategi elkarteak egindako lana goraipatu nahi nuke". Mila Elortzak ere hartu zuen hitza: "Orain dela 20 urte hasi ginen AHTren kontra lanean, hain zuzen EAJk udaletxean, Diputazioan eta Jaurlaritzan agintzen zuenean. Angiozarrera joan besterik ez dago AHTren ondorioak ikusteko. Inondik inora errentagarria ez den proiektu bat, AHT, egunetik egunera azkarrago doa".

Eztabaidaren une batean, herritar batzuek PNV Diruzaliak eta PNV Txikitzaile zioten pankartak erakutsi zituzten eta Aintzane Oiarbidek horrelako irainak bilkuran onartzen ote zituen galdetu zion alkateari, "bakegintzan eta politikagintzan zabaldutako bide berriari mesederik ez diotela egiten". Pankartok adierazpen askatasunaren isla zirela erantzun zion alkateak.

EAJk salatu egin du alkatearen jarrera ohar baten bidez: "Ez du egoerak eskatzen duen bezala jokatu eta, beraz, ez luke karguan jarraitu behar horrelako gertakariak onartzen baditu". Hori dela eta, Oiarbidek segidakoa eskatu du: “Herritarren aurrean agertzeko eta iraindutako zinegotziei barkamena eskatzeko zein babesa emateko eta, ildo berean, gertakari horien kontrako jarrera hartzeko”.

Halaber, EAJko udal taldearen bozeramailearen iritziz, “Bilduk eta, bereziki, alkateak, argi utzi behar dute bide politikoekiko eta errespetuarekiko hartu duten jarrera. Prentsaurrekoan esatearekin ez da nahikoa, ekintzen bidez erakutsi behar dute”. Jeltzaleen bozeramaileak EA eta Aralar taldeei eta, bereziki, bi alderdi horietako zinegotziei eskatu die “gertakari horien aurkako jarrera hartzeko eta, era berean, salatzeko; izan ere, udalbatzarrean ez ziguten EAJko zinegotzioi babesik eman”. Azkenik, Aintzane Oiarbidek honakoa azpimarratu du: “Ez dugu onartuko horrelako beste gertakaririk Bergarako Udalean”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak