San Blas opilen bedeinkapena bihar Buruñaon

Edu Mendibil 2012ko otsailaren 2a

San Blas jaiak ospatuko dituzte Buruñao auzoan aste bukaeran. Egubakoitzean, San Blas egunean, aspaldiko ohiturari jarraituz, opilen bedeinkapena egingo dute 11:00etako meza nagusian. San Blas opilekin batera, elurra izan daiteke protagonista nagusia aurten.

Herritar mordo bat hurbiltzen da egun horretan Buruñaora, opilak, ogia, gozokiak eta bestelakoak bedeinkatzera. Mezaren ostean salda eta txorizoa hartzeko aukera izango da auzoko elkartean. Ermita egun guztian irekita izango dela adierazi dute auzoko ordezkariek. Arratsalderako, 20:30erako,  auzotarrendako afaria iragarrita dago eta ondoren erromeria izango da. Bergarako trikitilariek jardungo dute, goizeko ordu txikiak arte.

Mus txapelketa zapatuan
Zapatuan, otsailaren 4an, mus txapelketa izango da elkartean, 16:00etan hasita. Tradizio handiko txapelketa: 24. ekitaldia izango da aurtengoa. Bikote bakoitzak 15 euro ordaindu beharko du parte hartzearren eta irabazleek garaikurra eta 120 euro jasoko dute. Lau bikote onenendako egongo dira sariak: bigarrena, 80 eurokoa; hirugarrena 50 eurokoa; eta, azkenik, laugarren geratzen den bikotearendako sari berezia.

Azkenik, San Blas Txiki eguna ospatuko dute domekan. Meza izango da 11:00etan (aurretik ermitako ermandadeko kideen bilera egingo dute), salda eta txorizoa banatuko dituzte jarraian ermitan eta bukatzeko dantzari eta trikitilarien saioa eta umeendako kukañak.

Buruñao berreskuratu
Udaleko euskara zerbitzuan argitu digutenez, bere momentuan Murinondo izena jarri zitzaion auzoari. 1993an, behar beste informaziorik ez zegoelako, zegoenetan utzi zen. Harrez gero jaso den informazioak garbi uzten du izenaren jatorria Burunano/Buruñano dela eta gaur egun ere erabiliak direla Buñao/Muñao. Auzoko ermita ere XVIII. mende ingurura arte "Nuestra Señora de Burunano/Buruñano/Buroñao" izenez ezagutzen zen. Buruñao horrek, jakina, ermita dagoen inguruaren izena adierazten du San Miguel de Aritzetan adierazten duen bezala. Horregatik Euskaltzaindiaren irizpenari jarraiki, joan den urtean izena aldatzea erabaki zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak