Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) proiektu berri bat jarri du abian herritarrei gaixotasunen, tratamenduen eta bizitza estilo osasuntsuen inguruan informazioa zabaltzeko: “Osasun Ikasgelak”. Ekimen berri horrek aurreikusten du urtean 12 ikasgela antolatzea 6 gai ezberdin aztertzeko. Gaiak herritarren interesekoak izango dira eta erabiliko den hizkuntza hurbila eta erraza izango da.
Lehen Osasun Ikasgela atzo egin zuten Bergaran. Julio Sandoval Doktoreak etxeko ospitalizazio zerbitzuari buruzko informazioa zabaldu zuen. Sandoval doktoreak azaldu zuen etxeko ospitalizazio zerbitzua etxean ematen duten laguntza modelo bat dela, ospitalean bertan emango luketen giza eta material errekurtso berberekin.
Egun bateko dinamika halakoxea izaten da: goizean lehenengo orduan baloratzen dute zenbat gaixo daukaten eta lanen banaketa egiten dute, gero, gaixoak atenditzera irteten dira: “Gero, gaixoak zaintzera irteten gara ibilbide bat jarraituta. 14:00ak inguruan bukatzen dugu horrekin eta orduan bilera bat egiten dugu goiz eta arratsaldeko txandak osatzeko. Horrez gain, ikusi ditugun kasuen berri ematen dugu, eta beharra baldin badago, etorkizunerako ospitaleratze programatu bat aztertzen dugu” esan zigun Sandoval doktoreak.
Zerbitzu horretarako, gaur egun Debagoieneko Ospitaletik lau mediku eta zazpi erizain dauzkate eta hiru auto dituzte euren lana egin ahal izateko. Etxeko ospitalizazio zerbitzuak abantaila asko dauzkala azaldu digu Sandoval doktoreak eta gaixoak zerbitzuarekin pozik daudela gaineratu digu: “Giza kalitatea, etxean bertan egotea, erosotasuna, ordu askatasuna, intimitatea… abantaila asko dauzka. Gaixoak eta familia artekoak asko eskertzen dute eta guretzako hori oso pozgarria da erakusten digulako egunez egun lana ondo egiten goazela”.
580 erabiltzaile hiru urtean
Etxeko ospitalizazio zerbitzua Debagoienean orain dela hiru urte ezarri zen eta bere erabilera handituz joan da etengabe; 580 erabiltzaile izan zituen 2011n. Gaixoendako abantaila izugarriak dauzka esan moduan, eta bestalde, ospitalearentzat oso aurrerapen handia izan da, bertako ospitaleratze ohearen baliabideak askoz handiagoak direlako orain.
Etxeko ospitalizazio zerbitzuari buruz gehiago jakin nahi duenak, datorren martitzenean dauka aukera Oñatin izango direlako etxeko ospitalizazioari buruz berbetan arratsaldeko 19:00ean kultura etxean.