Sara Gonzalez: "Gure esku dago dibortzioa zerbait positibo moduan ikustea"

Txomin Madina Milikua 2012ko otsailaren 1a

Bergarako Udaleko Prebentzio Zerbitzuak gurasoendako antolatu dituen hitzaldien artean, dibortzio osasungarria izan zen ardatza urtarrilaren 25ean egindako saioan. AGIPASEko (Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkartea) Sara Gonzalez izan zen hizlaria.

Dibortzioak ez dira errazak izaten, are gutxiago seme-alabak tarteko daudenean. Nola eragin diezaieke gurasoen dibortzioak?
Gure ikuspuntutik, dibortzioa bera ez da arazoa. Bikote batek banantzea erabakitzean esan gura du aurretik bazeudela arazoak. Dibortzioak berak ez du eragin positibo edo negatiborik izan behar seme-alabengan; bikotearen arazoen kudeaketan dago gakoa. Bikote bat banantzeak esan gura du komunean zuten proiektuak porrot egin duela; baina benetako porrota da zoriontsua ez izatea eta gatazka gaizki kudeatzea. Kudeaketa gaizki egiteak dakartza arazoak seme-alabengan.

Umearen adina dena delakoa izanda ere, kudeaketa berbera izan behar da?
Kudeaketa bai, baina egia da adinaren arabera seme-alaben beldurrak ezberdinak direla eta horrek baduela eraginik. 2 urteko ume batek ezin du banaketaren ulermena izan eta nerabe batek bai. Beraz, banaketaren informazioa transmititzerakoan bai izan behar dugu kontuan adina.

Nola detektatu arazoak daudela?
Dibortzioa krisi bat da, familia osoarentzat aldaketa bat. Aldaketa horrek guztioi eragin ahal digu: beldurra, tristura, depresio sintomatologikoa... Jarrera horiek denboran mantentzen badira, negatiboa izan daiteke. Tristura nabarmentzea guztiz normala da, baina tristura hori mantentzen bada, semeak edo alabak urtebete badarama horrela, kontuan izan behar da. Jarraipena egin eta ez badago aldaketa positiborik, laguntza profesionala eskatu behar da.

Zeintzuk dira egin ohi diren akats handienak?
Arazo larriena da ez ezberdintzea gure rolak senar-emazte eta guraso moduan. Ez baditugu ezberdintzen, seme-alabak bikotearen gatazkan sartzen ditugu, eta hori heldutasun faltaren adierazle da. Dibortzioaren inguruan beti ikusten dugu batak galtzailea eta besteak irabazlea izan behar duela; baina galtzailearen kasua, ez du berak bakarrik galtzen, baita seme-alabek ere. Beste akats bat da bikotekide ohia ez errespetatu eta seme-alaben aurrean autoritatea kentzea, deslegitimizatzea. Seme-alabek ez dute entzun behar amaren aldetik aitak zerbait gaizki egiten duela, eta alderantziz. Hezkuntza irizpideetan ezberdintasunak baditugu, gurasoen artean egin behar da berba. Idealena da irizpideak adostea, baina ezin denean, etxe bakoitzean irizpide batzuk egongo dira eta batak bestearena errespetatu behar du. Seme-alabek ez dute hori ulertzeko arazorik; badakite, esaterako, amamaren etxean arau batzuk daudela eta gurasoenean beste batzuk. Ikusi behar dute, baina, irizpide edo arau horiek sendotasunez aplikatzen direla.

Zertan datza dibortzio osasungarria?
Nire ideia da dibortzio hitzari buelta bat ematea: beti era negatiboan ikusten dugu, eta gure esku dago zerbait positiboa moduan ikustea. Ez gara dibortziatzen okerrago egoteko; dibortziatzeko erabakia hartzen dugu gure familia hobeto egoteko. Dibortzioak aukera ematen dizu birplanteatzeko zure familia eta zure rola, eta ondo erabilita izugarrizko onurak ekarriko dizkizu bai zuri eta baita zure familiarendako. Ulertzen dut, baina, askotan zaila izan daitekeela eta ez gaudela prest dibortziorako; horrelakoetan, laguntza eskatzea gomendatzen dut.

Zein aholku emango zenieke dibortzioa era osasungarrian eroan gura duten gurasoei?
Dibortzioa osasuntsua edo zerbait positiboa izateko, fase ezberdinak ezagutu behar ditugu. Dibortzio legala bat da, baina hainbat alderdi ditu. Lehenengo, dolua egin behar dugu, banaketa emozionala edo psikologikoa. Horretarako, pertsona askok erabakitzen dute bakarkako terapia egitea. Dependentzia banaketa ere egin behar da, askotan bikotekide batekin dependentzia emozionala edo ekonomikoa izan dezakegu-eta, baita rolena ere. Banatzen garenean, bakoitzak autonomoa izan behar du. Nola? Kontziente izanda alde onak atera ditzakegula. Gero etorriko litzateke dibortzio legala; gauza asko adostu behar dira, eta gero eta gehiago ikusten da bitartekaritza familiarra erabilgarria dela. Azkenean, helburua da ardurak erabakitzea: zeinekin egongo den umea, zenbat diru... Izan ere, bikote ez, baina guraso bizitza osorako izango dira; familia ez da banatzen, hor dago, aldatzen dena da sistema, antolaketa.

Aholku hauek aplikagarriak dira seme-alabarik ez duten bikoteentzat?
Seme-alabarik ez badago, ez duzu zertan ondo eraman bikotekide ohiarekin. Hala ere, banaketa psikologikoa eta dependentziarena pasatu egin behar dira. Baita legala ere: etxea, autoa... Baina egia da, hori banatzean, gure erlazioak ez duela zertan ona izan; horretan guztiz ezberdina da. Dena den, uste dut dolua egin beharrekoa dela; izan ere, bestela, arazo bat egon daiteke: hurrengo bikotekidearekin akats berak egitea. Hausnartu egin behar da; izan ere, seme-alabak izan edo ez, zure proiektuak huts egin du.

Eta guk dibortzioa era osasungarrian eroan gura izan arren bikotekide ohiak ez badu halakorik nahi, zer egin?
Hori zaila da era osasungarrian eroan gura duenarentzat. Hala ere, praktikotasunetik pentsatu behar dugu, gure esku dagoena eginaz. Seme-alabak badaude, nire gomendioa da joko horretan ez sartzea eta zure bikotekide ohiak zuri buruz zerbait negatiboa esaten badu ez erantzun, batez ere seme-alaben aurrean. Mezu horiek, seguru asko, eragin negatiboa izaten ari dira zure seme-alabengan;  beraz, egin behar dena da entzun, onartu eta saiatu seme-alabekin harreman ona izaten. Helburua da seme-alabengan pentsatzea. Hori oso gogorra da pertsona batentzako, eta, ondorioz, laguntza ere eska daiteke. Zure esku dago lehian sartzea edo ez sartzea, baina kontziente izan behar duzu lehia horretan sartzeak zein eragin izan dezakeen bai seme-alabengan eta baita norberarengan ere. Senideei dagokienez, eurendako nire gomendioa da ez sartzea gatazkan; izan ere, horrela egiten badute, erlazioan sartzen dira eta hori ez da ona ez bikotekide ohientzat ezta seme-alabentzat ere. Bikotekide ohiari buruz gaizki berba egiten badute, moztu egin behar dugu.

Noiz komeni da bitartekari batengana joatea?
Gatazka bat dagoenean eta ez garenean gai gure artean konpontzeko. AGIPASEko bitartekariok bikotekideen arteko komunikazioa errazten dugu, baita itzultzailearen lana egin ere: gatazka baten gaudenean ez gara gai entzuteko, eta zaila egiten zaigu besteari ulertzea. Honetaz gain, bitartekaritza familiarrean orientatu ere egiten dugu hitzarmen arautzaile bat lortze aldera; psikologo eta abokatu rola ere egiten dugu. Norbaitek bitartekari beharra duela uste badu, AGIPASEra deitu besterik ez du, gizarte langile bat daukagu eta lehenengo pausoa da berarekin hitzordua egitea. Bitartekaritza familiarra beharrezkoa ikusten bada, orduan hasten gara lanean. Helburua da bospasei saiotan hitzarmen arautzailea lortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak