"Iluna eta oso 'kañeroa' da egin dugun diskoa; gustura gaude emaitzarekin"

Irati Goitia 2012ko urtarrilaren 31

Elorza, Willy, Rodri eta Etxanizek osatzen dute Dark Code taldea. Lehenengo hirurak bergararrak dira eta azkena, berriz, azpeitiarra. Raise of Death izeneko lehenengo diskoa kaleratu berri dute, eta Etxanizekin izan gara euren lanaren gainean berbetan.

Nolakoa da diskoa?
Iluna, esango nuke; guk jotzen duguna death metala da. Hala ere, ez dugu gogoko gure musikari etiketarik jartzea, denetarik jotzen dugu eta hainbat estilo jorratzen ditugu.

Gustura gelditu zarete eginikoarekin?
Emaitzarekin pozik gaude, eta eginiko lanaz gustura. Nahiko disko kañeroa da, bederatzi kantuk osatzen dute.

Zer transmititu nahi duzu zuen abestien bitartez?
Gehienbat, bateriak, Willyk, idazten ditu letrak. Izan ere, gure abestiak ingelesez dira eta hark ondo menderatzen du hizkuntza. Nik neuk ere egiten dut ahalegina, ingelesez erdiz-purdiz egiten dudan arren. Kantu gehienak heriotzari buruzkoak dira, eta, noski, baita bizitzari berari buruzkoak ere.

Metal doinuak gogoko dituztenendako aproposa, beraz.
Bai, hori uste dugu, eta, horregatik, metala eta rocka gustuko dutenei gure kontzertuetara etortzeko gonbita egiten diet, eta baita diskoa erosteko deia ere. Sei eurotan eros daiteke, gurekin harremanetan jarrita (www.myspace.com/darkcodemetal).

Noiz hasi zineten diskoa prestatzen?
Pixkanaka egin ditugu kantuak, batzuek bi urte ere badituzte. Taldea sortu eta urte eta erdi ingurura pentsatu genuen bagenuela errepertorioa diskoa grabatzeko, eta, hala, 2011ko apirilean ekin genien grabazio lanei. Gure lokaleko txoko bat prestatu genuen horretarako, eta DB Uhinak produkzioaren bitartez egin dugu.

Orain, diskoaren aurkezpen lanetan ibiliko zarete.
Kontzertu bila eta diskoa ahalik eta gehien zabaltzen gabiltza. Dagoeneko hitzartuta ditugu emanaldiak Azkoitia, Donostia eta Bergaran. Gu prest gaude deitzen diguten edozein lekutara joateko.

Oso taldekide gazteak zarete, baina dagoeneko hainbat lehiaketatan parte hartu duzue.
Bai; Danbakan hartu genuen parte, eta baita Espainia mailako Wacken Metal Battle-n ere. Azken horretan, gainera, 80 talderen artean finalera iritsi ginen. Ez irabazi arren, oso gustura gelditu ginen eginikoaz, erronka zaila zen-eta.

Zer ikasi duzue lehiaketa horietan?
Nahiz eta irabazi ez, beti segitu behar dela gogor egiten eta ez dela goibeldu behar; esperientzia ederrak izan dira.

Danbakatik ze oroitzapen duzue?
Oso ondo pasa genuen. Taldea ezagutzera emateko erreminta ona izan zen. Gainera, taldeko bideoak grabatzeko ere balio izan zigun eta hori guretzako oso ona izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak