'Zazpikoloroa', sarrerak 5 euro
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen Zazpikoloroa azken ikuskizuna otsailaren 18an, Aratuste zapatuan, izango da, Udal pilotalekuan. Bi emanaldi izango dira: 16:00etan eta 18:30ean. 1.700 sarrera jarriko dituzte salgai. 5 eurotan salduko dira.
Gaur eta bihar, otsailaren 6an eta 7an, 18:00etatik 21:00etara, Udal pilotalekuko leihatilan salduko dira. Gehienez, 6 sarrera hartu ahal izango ditu pertsona bakoitzak. Sarrera guztiak aurretik agortuko balira, emanaldi egunean ez lirateke zabalduko leihatilak. Sarrerak egon ezkero, leihatila arratsaldeko 15:00etan zabalduko da.
Ai, amatxo!
Bezperan, egubakoitzean, Udal Musika Bandak eta Bergarako Orkestra Sinfonikoak Aratusteetako ohiko kontzertua eskainiko dute, Udal pilotalekuan, 22:30ean. Mamma mia! pelikulako soinu banda egokituko du oraingoan Alfredo Gonzalez Chirlaquek eta Ai, amatxo! sortu dute. Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, honako salmenta tokietan: Kultura Etxean eta Lazkano oinetako dendan. Sarrera: 7 euro.
Mozorroen afaria
Aratuste zapatuan, bestalde, Mozorroen afaria izango da Oxirondo azokan, 21:30ean hasita. Honako ere sarrerak salgai daude, honako salmenta tokietan: Depor eta Ariznoa tabernetan eta Kultura Etxean. Afari-txartela: 15 euro. Txartelak erosteko azken eguna otsailaren 12a da. Norbaitek janari berezia behar badu, zeliakoek kasu, aurrez Kultura Zerbitzuan abisatu beharko du otsailaren 10a baino lehen.
'Maddi pirata' domekan
Azkenik, domekan, 19an, Zirtaka antzerki taldearen Maddi Pirata ikuskizuna izango da, Udal pilotalekuan, 17:00etan. Sarrera: 3 euro. Udaleko Kultura Zerbitzutik adierazi dute pirataz mozorroturik joateko.
Hemen ere, sarrerak otsailaren 6an eta 7an jarriko dituzte salgai, 18:00etatik 21:00etara, Udal pilotalekuko leihatilan. Gehienez, 6 sarrera hartu ahal izango ditu pertsona bakoitzak eta sarrera guztiak aurretik agortuz gero, emanaldi egunean ez dira zabalduko leihatilak. Sarrerak egon ezkero, berriz, leihatila 15:30ean zabalduko da.