Ezer, ezta esnea ere, itsasten ez den sartaginak izan dira aurten ere zaporeen azokan arreta handiena piztu duen produktua. Azoka zabalik egon den denbora osoan pilatu da jendea oilaskoa, piparrak edo patata frijituak oliorik gabe prestatzen dituen mirarizko sartaginak nolakoak diren eta nola erabiltzen diren ikusteko.
Zikintzen ez duten mantelak edo altzairuzko koloreetako labanak ere eskuartean izan dituzte azokara joan direnek. Txokolatezko madalenak ere erosi ditu batek baino gehiagok eta aloe vera landarearen onurez ere galdetu dute.Beste askok, aldiz, Extremadurako gazta edo Galiziako olagarroa eta ardo zuria jan eta edan dute.
Denak, hori bai, aterkia eskuetan dutela. "Euriak ez digu batere lagundu", aitortu du Lugotik Bergarara etorri den Jose Gaonak, "jendea etorri da muskuiloak eta olagarroa jatera, baina eguraldi onarekin beste kontu bat izango zen, ziur".
Hirugarren urtez antolatu dute Bergaran Zaporeen Azoka eta 18 postu egon dira eguenetik domekara bitartean San Martin plazan, tartean Kantabria, Mallorca, Euskal Herria edo Gaztela Leongoak.