Izena emateko azken eguna otsailaren 16a izango da. Ikastaroaren prezioa: 50 euro.
Bizipenak izatea
Olaia Ramos eta Aintzane Arana izango dira irakasleak. "Denondako oso interesgarria da; izan ere, denok behar dugu gure buruarekin egoteko denboratxo bat", azaldu du Ramosek. "Jende askok galdetzen du zer den musikoterapia; hortaz, gura izan dugu zabaldu jendeak ezagutzeko", dio Aranak. Horren harira, Ramosek hau gaineratu du: "Ezagutzeko onena? Bizipenak izatea".
Musikoterapiak norberaren gaitasunak eta ezgaitasunak ikusteko balio du. "Entzuten ikasteko ere balio du. Zer da gaur egun entzutea?", dio Ramosek. Musikoterapiaren helburua denbora eskaintzea ere bada: "Musika entzuteko denbora eskaintzea da", dio Aranak.
Musika sortu eta entzun
Teknika pasiboak eta aktiboak landuko dituzte. "Inprobizazioan oinarritzen gara: musika sortu, gorputz mugimendua... Teknika pasiboa, ostera, musika entzutea izango da", azaldu du Aranak.
Musika gainerako guztiarekin erlazionatuta dagoela azaldu dute. "Ezin da ulertu musika ez baldin badakigu gizartean zer pasatzen den, politikan zer pasatzen den, ekonomikoki zer gertatzen den, artea, filosofia… denarekin dago lotuta, modarekin…", esan du Ramosek. Azken finean, musika estiloak horregatik sortzen dira, behar bat dagoelako. Gizartean zer edo zer gertatzen dabilela adierazten du eta horregatik estilo ezberdinak sortzen dira. "Adierazteko modu bat da", diote. Norbere buruarekin egoteko espazio eta denbora bat eskainiko du ikastaroak.
Ikastaroan parte hartzeko ez da musika ezagutzarik eskatuko. Edonork parte har dezake, izan ere emozioak eta sentimenduak espresatzen denok dakigu. Taldearen beharren arabera moldatuko dute ikastaroa gero.
Ramosek eta Aranak badute esperientzia musikoterapia arloan. Gustura daude orain arteko ikastaroetan izandako esperientziarekin.