Muskuilu dastatzea gaur, Zaporeen Azoka irekitzeko

Edu Mendibil 2012ko urtarrilaren 26a

Hirugarren urtez Zaporeen Azoka egingo dute Bergaran. Dena gertu dago azoka irekitzeko. Gaur, eguena, muskuiluak dastatu ahal izango dira San Martin plazan, doan. Azoka domekara bitartean izango da zabalik. Domekarako babarrun dastatzea iragarri dute antolatzaileek.

JC 2000 enpresa eta Bergarako Udala dira antolatzaileak eta, iaz bezala, muskuilu dastatzearekin zabalduko dute azoka. Esandako moduan, 19:00etan hasiko da doaneko dastatzea. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 100 bat kilo muskuilu prestatuko dituzte gaur arratsaldean. Pintxo-potearen eskaintza borobiltzeko proposamena. Domekan, berriz, babarrun dastatzea egingo dute, 13:30ean, doan eta San Martin plazan baita.

Beraz, gaurtik domekara bitartean 18 postu izango dira zabalik herriko plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Besteak beste, Kantabria, Extremadura, Gaztela eta Leon, Galizia, Madril, Mallorca edota Euskal Herriko saltzaile eta produktuak batuko ditu feriak. Jaki eta artisauez gain, bitxikeriak ere egongo dira aukeran.

Era berean, hainbat erakustaldi iragarri dituzte antolatzaileek. Olio barik erabil daitezkeen zartaginenak, guraize edo artazi berezienak eta beste. Produktu ekologikoak ere izango dira tartean.

Hirugarren aldiz etortzen da feria Bergarara eta antolatzaileak pozik azaldu dira aurreko bi urteotan jasotako erantzunarekin. Aitor Fernandez eibartarra JC 2000 enpresako ordezkaria da. Zera adierazi digu feria zabaldu baino lehen: "Feria ibiltaria da eta Bergaran beti izan dugu erosleen eta jendearen babesa. Iaz Santa Ageda inguruan egin genuen eta aurten zertxobait aurreratu dugu. 2012ko lehen feria Bergaran egingo da eta ea eguraldiak laguntzen duen...".

Domekan, doaneko babarrun dastatzea izango da feria agurtzeko. 200 bat arrazio prestatuko dituzte. Igandeko dastatzea 13:30ean hasiko da. Halere, domeka arratsaldean ere azoka zabalik izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak