Zaborra guk sortu guk kudeatu izan zen hitzaldiaren izenburua eta Biain biologoak aztertu zuen azken hamarkadan zaborraren kudeaketak izan duen bilakaera, gure eskualdean eta Gipuzkoa osoa orokorrean hartuta. "Kaleetan zabor-poltsak batu eta zabortegietara eramaten ziren garaietatik (duela 50-60 urte inguru) nola eman den bilakaera, bai zabor kopurua gorantz egin duelako eta beronen kudeaketak ere aldaketak izan dituelako" gaineratu zigun Biainek.
Orain bi aukera dauzkagula adierazi zigun: erraustegi bat egitearen aldeko eredua edo Zero Zabor filosofiarekin bat egiten duena. "Zero Zaborren, hau da, atez ateko sisteman alegia, herritarron parte hartzea bultzatzen da eta birziklatze kopuru handiak lortuz lehengaiak xahutzea ekiditen da. Horrela ez legoke erraustegi baten beharrik. Gogoratu behar da inork ez duela nahi erraustegi bat bere herrian edukitzea" azaldu zigun Biainek.