Gizonezko bat atxilotu dute Bergaran Zaharren etxean eta auto batean lapurretan egiteagatik

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 26a

Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du Bergarako Zaharren etxean eta auto batean lapurretan egitea egotzita. Txanponak ostu ditu Zaharren etxean eta irrati-kasete bat Aitziturriko auto batetik.

Herrizaingo sailak aditzera eman duenez, herritar batek ohartarazi zien ertzainei eguaztenean, 10:30ak inguruan, gizonezko bat lapurtzen egon zitekeela Bergarako Zaharren etxean, Boni Laskurain kalean. Ertzainak, abisua jaso eta Zaharren etxera gerturatu zirenean, gizonezkoa hanka egiten saiatu zen, baina berehala harrapatu zuten.

Mailu batekin kristala apurtu

Dirudienez, gizonezko susmagarriak mailu bat erabili zuen kristala apurtu eta Zaharren etxera sartzeko. Atxilotuak txanponak eta banku bateko segurtasunezko giltza zeramatzan. Horretaz gain, Kenwood markako irrati-kasete baten karatula ere antzeman zioten.

Ertzainek ziurtatu ahal izan zuten Aitziturri kalean zegoen Fiat Bravo auto batetik ostutakoa zela irrati-kaseteko karatula, autoari leihotxoa apurtuta lapurtu zuena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak