Ibargarai zati bat itxita, obrengatik

Edu Mendibil 2012ko urtarrilaren 25a

Udaleko brigadako langileek Ibargarain lanean dihardute egunotan eta 4. zenbakitik 16. zenbakira doan tartea (Seminarioko patioaren parekoa) itxi egin dute trafikora.

Miguel Altuna parean dagoen zebra-bidea metro gutxi batzuk mugituko dute, Seminario aldera, bihurgunean geratzen zelako bestela. Altxatutako zebra-bidea izango da aurrerantzean. Bestetik, susto bat edo beste egon da aipatutako tokian, eta, oinezkoak bideratzeko eta dagokion tokitik zeharkatzeko errepidea, hesia jarriko dute Miguel Altuna ikastetxea, Orange denda eta Tejidos Fernandez komertzioaren ondoan.

Hori dela eta, Ibargarai kalea itxi egin dute trafikora, Ibargarai 4-16 zenbaki tartean hain zuzen. Autobusei dagokienez, Arrasate eta Eibar arteko Lurraldebusak Ibargaraiko geltoki nagusian eta San Lorentzokoan egingo ditu geldialdiak lanek iraun bitartean. Ibargaraiko beste geltokia (BBVA parean dagoena) eta Santa Marinakoa ezabatu egin dituzte egunotan.

Bestalde, Fraiskozuritik datozen gidariek Miguel Altunako zubi azpira jo ahal izango dute aurrerantzean. Lanok bi astean amaituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak