Antonio Herzog, odol emaileen arduradun berria

Edu Mendibil 2012ko urt. 24a, 16:00

Antonio Herzog izendatu dute odol emaileen arduradun berria eta Dulce Rodriguez elkarteko idazkaria izango da; Fernando Idigoras eta Alfonso Romera ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren. Idigorasen hitzetan, "elkarteari lan eta ordu asko eskaini dizkiot, bai, baina jasotakoa ere asko izan da. Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan alboan izan ditugun guztiei".

Bergarako odol emaileen elkartea eta Fernando Idigoras eskutik joan dira urtetan, 44 urtez hain zuzen ere. Herriko lehen emailea izan ez bazen ere, lehen txartela harena da, 1.505 zenbakiduna hain zuzen. Orain, erreleboaren ordua iritsi zaio: Antonio Herzogek beteko du Idigorasen lekua.

Lokalaren zain
Abuztuan Seminarioan azken odol ateratzea egin zutenetik, lokal berriaren zain jarraitzen dute herriko odol emaileek. Bien bitartean, anbulatorioan egiten dituzte odol ateratzeak; halere, bilerak eta bestelako gestioetarako lokala eskatu diote Udalari. Azken bilera Gabonen atarian egin zuten Idigorasek, Romerak eta Herzogek Udaleko zinegotzi Maren Belastegirekin. Oraindik ez dute udaletxean inolako erabakirik hartu horren gainean. Elkartearendako lokala lortzea izango da aurtengo erronka nagusietako bat.

Odol ateratzea bihar
Aurten ere hamabostean behin egingo dituzte odol ateratzeak anbulatorioan, 18:00etatik 20:30era; bihar, eguaztena, urteko bigarren hitzordua izango da. Urtarrilaren 11koan 32 odol ateratze egin zituzten. Antonio Herzogen hitzetan, "jaien eta zubien inguruan jende gutxiago dator, eta bestela 40 odol ateratzeen bueltan ibiltzen gara. Kopuru horri eustea da helburua hemendik urte amaierara. Seminarioko lokalean lortzen genituen zifren inguruan gabiltza. Edozelan ere, emaile berriak lortzeko kanpaina egingo dugu laster".

Bergarako odol emaileen elkartea 1966an jarri zuten abian Jose Mari Dulanto medikuak eta haren taldeak. Joseba Jauregi izan zen lehen arduraduna. Gipuzkoako elkarte sendoenetako da gaur, 900 odol emaile aktibo ingururekin.

Aurrerantzean hauek dituzue elkartearekin harremanetan jartzeko telefono berriak: Antonio Herzog: 669 10 89 77 edo 943 76 36 90. Eta Dulce Rodriguez: 628 07 97 72 edo 943 76 22 36.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak