1994ko irailaren 1ean inauguratu zuten Santa Marina ondoko azoka. Orduan sei saltzaile ziren, gaur egungo kopuru bera. Azokak 300 milioi pezeta (1,80 milioi euro) inguruko aurrekontua izan zuen eta 24 salmenta posturekin zabaldu zuten. Bistan da aurreikuspenak ez direla bete. Hutsune gehiegi dago eraikinean. Bigarren solairuko lokal bat Pol-Pol elkarteari utzi berri dio Udalak.
Gotzon Inza oñatiarrak hasieratik dihardu Oxirondon. Aurretik, azoka zaharrean Nikolas Arzelus zenarekin, eta Mayceko ekonomatoan jardun zuen. Orain, arrebarekin batera eramaten du Bikain harategia. Gotzon Inzaren hitzetan, "azokako postu denak zabalik egon beharko lirateke baina hasierako baldintzekin jende askok atzera egin zuen. Postu bakoitzeko bikoitza baino diru gehiago ordaindu genuen orduan, eta malguagoa izaten asmatu izan balu Udala, merkatu biziagoa genuke gaur... Orain, bizi dugun krisiarekin, nor animatuko da ba merkatura etortzen postu bat zabaltzeko?".
Azokako postu bakoitzeko 4 milioi pezeta (24.000 euro inguru) ordaindu zuten merkatariek bere garaian eta baldintzak zirela eta, tira-bira ugari izan zen duela 17 urte Udalaren eta merkatarien artean.
Super BMren itxiera
Negozio aldaketa txiki batzuk tarteko sei saltzailerekin jarraitzen du beraz Oxirondoko azokak. Bigarren solairuan dagoen labandegia izan ezik, beste bostak beheko solairuan daude. Orain dela zortzi bat urte sotoan zegoen SuperBM kendu zutenetik, azokan jende gutxiago dabilela diote saltzaileek.
Zapatuetan izaten da jende gehien: egun horretan etortzen dira baserritarrak eta bakailaoa, gozokiak, fruta edota Extremadura aldeko txorizo eta urdaiazpikoak ekartzen dituztenak. Beste saltzaile batek eguenean aipatu zigunez, baserritarrak astean zehar ere egun batez gutxienez etortzeko egin zitzaien proposamena ezertan geratu da. Arrasaten, esaterako, eguazten eta egubakoitzetan joaten dira hango azokara.
Azoka Miguel Altunara?
Orokorrean gustura dira merkatariak azokarekin, baina zertxobait gehiago dinamizatzea botatzen dute faltan. Behin Miguel Altuna zaharra hutsik geratzen denean, azoka Ibargaraira eramatea eta azokako eraikinean auditorioa egitea aztertu zuen aurreko udal gobernuak. Iaz merkatariekin elkartu ziren hori aztertzeko. Ez da merkatarien gustuko proposamena izan. Aparkalekua ondoan, leku egokian daudela eta tokiz aldatzeak berriro hutsetik hastea suposatuko lukeela diote.