Valenciagak esan zuen aurreko urteko apirilean kaleratu zuen liburua internazionalismoaren gaineko kronika dela eta bertan Euskal Herriaren historia internazionalista islatzen dela. Baina horretaz gain, herrien arteko loturez ere hitz egin zuen. Izan ere, internazionalismoa etsai berdinaren aurka borrokan dabiltzan herrien arteko kidetasuna dela adierazi zuen.
Liburuan 1905etik aurrerako gertakariak jasotzen ditu idazleak; datu eta testigantzak erabiltzen ditu historia kontatzeko.
Bere idatziarekin hiru gauza transmititu nahi dituela adierazi zuen: internazionalismoa ezagutu ez dutenek ezagutzea, internazionalismoan militatu dutenek jakitea beraien aurretik egon dela mugimendu bat gure herrian eta mugimendura gehitzen dabiltzan gazteek urte luzeko lanari jarraipena emango dioten ilusioa izatea. Bestalde, esan zuen internazionalismoan lanean dabiltzanen esfortzua ere baloratu nahi izan duela liburuan eta horregatik aipatzen dituela.
Hitzaldiaren amaieran esan zuen: “Oso gustura egon naiz. Entzuleek arreta handiz entzun didate, gure artean sintonia zegoela jabetu naiz”.
Hilero, aurkezpen bat
Gaztetxeko Angiolillo liburutegiak antolatu zuen hitzaldia eta taldeko kide den Aser Polvorosak esan zuen hemendik aurrera hilean behin aurkezpen bat izango dutela. Hurrengoak zeintzuk izango diren ere aurretu zigun: otsailean ¡Que page Pujol! eta martxoan A las nueve en el Faisan.