M: "Berehalakotasuna, freskotasuna bilatu gura dugu diskoa grabatzen dugunean"

Maider Arregi 2012ko urtarrilaren 20a

Barruak hala eskatuta, Azpeitia-Bergarako taldearen sormenak ez du atsedenik hartzen. Etzaik lurra oinetara allatzen hirugarren lana kaleratzear duten honetan, dagoeneko eginda dituzte kantu berri gehiago.

Pop-rocka, bluesa, funka eta soula bateratzen dituzue.
Iturri ezberdinetik edaten dugu. Batzuek funka, jazz fussion delakoa entzuten dute; eta besteek, rocka. Maolok, taldeko gitarristak, esaterako, Jotakie talde azkoitiarreko kide izanik, badauka garai hartako influentzia. 

Disko iluna, gordina da.
Letra aldetik nahiko iluna da; baita musika ere. Lehenengo, baina, melodia egiten dugu eta ondoren letra egokitzen diogu melodia horri. Jotzeko era eta feeling-a, sentimendua ere letretara egokitzen dugu. 

Biluzik, efektu bako abestiak.
Grabatzen dugunean gure asmoa da ahalik eta zuzenenak izatea, kantuak erdi gordin joaten dira. Gordintasun hori bilatu nahi dugu. Produkzioa ahalik eta gutxien eta hirurok agertoki gainean kantuak ondo defendatzeko gai izatea da helburua.

Hitz jokoak erabiltzen dituzue.
Autobiografia puntua badute letrek, baina istorioa zuzenean ez dute kontatu nahi. Letren interpretazioa airean geratzen da entzuten duenarendako. Non hasi, non bukatu ez dago argi.

"Helburua ez da musikari gisa ibilbide profesionala osatzea", diozue.
Gure helburua ez da presio horrekin bizi izatea. Gustura egiten dugu, bokaziozkoa da. Hutsean geratuko litzateke egindako lana kaleratzen ez badugu eta gure lagunei, erakutsi. Barrua ateratzeko balio digu, zainetan daramagu.

Sarean diskoak doan jaisteko aukera eskaintzen duzue.
Bai, webgunetik jaits daiteke zuzenean: www.mmusikak.com. Diskoa fisikoki nahi duena gurekin jar daiteke harremanetan eta etxera bidaliko diogu. Orain arte horrela egin dugu; gure asmoa ez da etekina, dirua ateratzea.

Lobo estudioan grabatu duzue.
Gustatzen zaigu Josu Zubizarreta teknikariaren lana. Musika grabatzen dugu eta ondoren ahotsa. Gu ez gara editatzen sartzen. Berehalakotasuna, freskotasuna ere gorde nahi dugu eta buelta gutxi ematen saiatzen gara.

Zuzenekoak nolakoak dira?
Zuzeneko xumeak, umilak. Agian, hotzak. Guk barruan, taula gainean disfrutatu egin gura dugu eta lortzen dugunean ikusleari transmititu egiten diogu ondo pasatzen gabiltzala.

Zuzenekoetarako prest?
Nahiko zaila dago, ez gara zirkuituetan askorik mugitu. Gure asmoa da zuzenekoak eskaintzea orain eta taldeak, jendea ezagutu interesa sortzeko. Zuzenekoak emateko ilusioz eta gogoz gaude. 

Eta dagoeneko laugarren lanerako abestiak bideratuta dituzue.
Kantuak bukatuta ditugu, letra falta zaigu orain. Egur handiagoko lana izango da; gero eta doinu gordinagoak egitera jo dugu adinarekin. Gainera, oso-osorik Elosun egindakoa, sortutako lana izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak